Camarón de la Isla
(Jaiotza izena, José Monje Cruz). Flamenko abeslari espainiarra (San Fernando, Cadiz, 1950 - Badalona, 1992). Ijitoa zen, eta flamenko abeslari handienetakoa izan da. Berrikuntza estilistiko ugari ekarri zizkion flamenkoari. Hemezortzi urte zituela grabatu zuen lehenengo diskoa, Paco de Lucía gitarra-jotzailea zuela lagun. 1979an Leyenda del tiempo (Denboraren elezaharra) grabatu zuen. Azken disko horrekin urrats handia egin zuen flamenkoaren berrikuntzan, rock eta jazz-eko tresnak erabili baitzituen. Garbizaleek ondo hartu ez bazuten ere, arrakasta handia izan zuen; Espainiako zenbait poetaren testuak sartu zituen, hala nola Federico García Lorcarenak. Disko horretan Tomatito zuen gitarra lagun. 1980ko hamarraldian izugarrizko arrakasta izan zuen, eta Parisen eta New Yorken eman zituen kontzertuak. Beste lan aipagarri batzuk ditu: Calle Real (1983, Errege kalea), Te Lo Dice Camarón (1986, Camarónek esaten dizu), Soy Gitano (1989, Ijitoa naiz, Londresko Royal Philarmonic Orchestra-rekin), Autorretrato bilduma (1990) eta Potro De Rabia y Miel (1992, Amorruaren eta Eztiaren zaldia).