Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Calvo-Sotelo y Bustelo, Leopoldo

Espainiar politikaria (Madril, 1926 - Madril, 2008). Bide-ingeniaritza ikasi zuen, eta bere belaunaldiko lehena izan zen. 1942an Gazteria Monarkikoetako kide egin zen, eta Unión Española erakunde monarkikoaren sortzaileetakoa izan zen (1957). 1971tik 1975era bitartean Gorteetako prokuradore izan zen, eta Franco hil ondoren Merkataritza ministro (1975eko abendutik 76ko uztailera), Arias Navarroren gobernuan, eta Herrilan ministro Adolfo Suárezen agindupean (1976-77). 1977ko ekainaren 15eko hauteskundeetan diputatu hautatu zuten, Madrilen, Unión de Centro Democrático (UCD) alderditik, eta alderdi horretako bozeramailea izan zen Kongresuan. Suárezen lehen eta bigarren gobernualdietan ministro izan zen. Hark dimititu zuenean (1981eko urtarrilak 29) Calvo-Sotelo proposatu zuten gobernuko presidente izateko. Inbestidura saioaren bigarren bozketa egiten ari zirela (1981eko otsailak 23) hainbat guardia zibil sartu ziren Diputatuen Kongresuan, Antonio Tejero Molina teniente-koronelaren aginduetara; estatu kolpe saio bat izan zen, berehala porrot egin zuena. Handik bi egunera Calvo-Sotelok botoen gehiengoa lortu eta presidentzia bereganatu zuen. Haren agintaldiaren erabakirik aipagarrienetakoa Espainia NATO erakundean sartzea izan zen. 1982ko abuztuan gobernua desegin eta hauteskundeak aurreratu zituen. Urte bereko urriaren 28an egin ziren, eta aise irabazi zituen PSOEk. UCDk oso porrot handia izan zuen. 1984an Europako Kontseiluko Asanblea Parlamentarioaren kide hautatu zuten, eta Europako Parlamentukoa 1986an. Urte horretan utzi zuen politikagintza, Estatu Kontseiluko kide iraunkor gisa jarraitu bazuen ere, ekonomia alorrean.