Calogero, Guido
Filosofo italiarra (Erroma, 1904 - Erroma, 1986). Filosofiaren Historiaren irakasle izan zen Florentzia, Pisa eta Erromako unibertsitateetan. Faxismoaren aurka gogor borrokatu zen, eta aktibismo horretantxe oinarritu izan zuen bere filosofia, liberal-sozialismoaren bidetik joz betiere. Presentzialismo izenaz bataiatu zuen bere pentsaera eta –bere garaikide izandako Giovanni Gentile faxistak ez bezala– errealitatea pentsatzearen ekimenarekin lotzen ahalegindu zen, hau da, logos konkretuarekin, ez logos abstraktuarekin. Hauek dira Calogeroren idazlan nagusiak: I fondamenti di la logica aristotelica (1927, Logika aristotelikoaren oinarriak), La conclusione della filosofia del conoscere (1938, Ezagutzaren filosofiaren ondorioak), Il metodo dell´economia e il marxismo (1944, Ekonomiaren metodoa eta marxismoa), Difesa del liberalsocialismo (1945, Sozial-liberalismoaren defentsa), Lezioni di filosofia (hiru liburuki, 1946-48, Filosofia ikasgaiak), Verità e libertà (1960, Egia eta askatasuna).