Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Kaligula

(Caius Caesar Germanicus, Caligula deitua). Erromako enperadorea 37-41 bitartean (Antium, 12 - Erroma, 41). Germanikoren eta Agripinaren semea zen. Germaniako gotorleku militar batean igaro zuen haurtzaroa eta garai hartan erabiltzen zituen caliga edo militarren oinetakoetatik zetorkion Kaligula ezizena. Tiberioren ondorengoa izan zen eta hasieran herriaren gogoko politika liberala bideratu zuen. Erialdi batek aldatu zuen, ordea, Kaligularen nortasuna eta bere burua, errege ez ezik, jainko bihurtu zuen. Inperioko altxorra xahutu zuen, herriari zergak ordainarazi zizkion eta, dirua lortzearren, aristokraziako kide ospetsuenak hil zituen. Bere eromenean, Erromako herriak buru bakarra izan zezan nahi zuen, ezpata ukaldi batez moztu ahal izateko. 41. urtean hil zuten. Erromako senatuak enperadoreen zerrendatik kendu zuen. Albert Camus frantses idazleak antzerki lan ospe handikoa idatzi zuen, Caligula izenekoa, enperadorearen bizitza oinarri hartuta.