Caldwell, Erskine
Estatu Batuetako eleberrigilea (Coweta Country, Georgia, 1903 - Paradise Valley, 1987). Hainbat lanbidetan jardun ondoren, kazetaritzan hasi zen 1930. urtean. 1932an ospea heldu zitzaion Tobacco road (Tabakoaren bidea) lanarekin, (zinemara John Ford-ek eramana 1941ean), Estatu Batuetako hegoaldeko estatuetako zuri eta beltz pobreen bizimodua islatzen duen obra. Hegoaldeko nekazarien eta burdingintzako langileen bizimodu gogorra azaldu zuen bere lanetan: God´s little acre (Hilerri txikia, 1937), Trouble in July (Borroka uztailean, 1940), The last night of summer (Udako azken gaua, 1963). 1951. urtean autobiografia argitaratu zuen Call it experience liburuan. Margaret Bourke-White bere emaztea zen argazkilari ospetsuarekin batera You Have Seen Their Faces, Estatu Batuetako ekonomia krisialdian (1929-1936) laborariek bizi izan zuten miseriari buruzko erreportajea egin zuen 1937an. Era berean, American Folkways Estatu Batuetako lurraldeei eta hainbat kulturei buruzko liburu bilduma prestatu zuen (25 liburu, 1945-1955).