Calderone, Mary Steichen
Estatubatuar sendagilea (New York, 1904 - 1998). Rochesterko Unibertsitatean egin zituen ikasketak. Senarra ere sendagilea zuen, eta biek jardun zuten osasungintzan lanean. Calderone Ameriketako familia planifikazioko zentroen federazioko zuzendari medikua izan zen 1953. urtetik 1964. urtea bitartean. Sexualitateari buruzko ezaguera sakonagoa izanez gero jendeak bere sexu arazoen aurrean jarrera arduratsuagoa duela eta hori osasun eta zorion iturri izan daitekeela zioen Calderonek. Horrenbestez, eskoletan sexu heziketa bultzatzeko ahalegin handiak egin zituen. Besteak beste, kontseilari, mediku, talde erlijioso, eskola eta abarri sexu heziketari buruzko informazioa helaraztearren, Estatu Batuetako Informazio eta Heziketa Sexualeko Kontseilua eratzen lagundu zuen 1964. urtean, eta haren zuzendari izan zen 1982. urtea arte.