Calders I Rossinyol, Pere
Idazle katalana (Bartzelona, 1912 - 1994). Berak eta A. Artís-Generrek zuzentzen zuten L´esquella de la Torratxa aldizkarian argitaratu zituen lehenbiziko lanak, 1936an. Urte horretantxe plazaratu zuen lehen ipuin liburua, Lehenbiziko arlekina. Gerra zibilaren garaian hainbat aldizkari eta egunkaritan Treball, Diari de Barcelona argitaratu zituen bere marrazki eta idazlanak. Gerra amaitzean Mexikon erbesteratu zen, eta bertan egon zen 23 urtez. Carner eta Bartrárekin batera Lletres aldizkaria sortu zuen. Kataluniara itzuli ondoren bi eleberri (L´ombra de l´atzavara, 1964, eta Ronda naval sota la boira, 1966, Lainopeko itsas erronda) eta kontakizun bilduma bat (Aquí descansa Nevares, 1967) argitaratu zituen. 1978an Invasió subtil i altres contes ipuin bilduma eman zuen eta 1983an Tot s´aprofita liburua. Urte berean, berriz, argitaratu ziren bere Unitats de xoc, gerra zibilean (1938 urtean) idatzi zuen egutegia eta egin zituen marrazkiak azaltzen diren liburua. Kontakizun laburrak landu zituen batik bat.