Cage, Nicolas
Estatubatuar antzezlea (Long Beach, 1964). Nicholas Coppola du berezko izena -Francis Ford Coppola zuzendariaren iloba da-, eta harekin nahas ez zezaten aldatu zuen. Amy Heckerlingen Bai ikaskurte kitzikagarria (1982) izan zuen lehenbiziko filma. Hurrengo urtean (1983) bere osaba F.F. Coppolaren Rumble fishen lan egin zuen. Pertsonaia bortitz eta liskarzaleen paperak egin izan ditu batik bat: Coppolaren Peggy Sue ezkondu egin zenen (1986) Kathleen Turnerren senarrarena, Joel Coenen Arizona babyn (1987) haur bahitzailearena, eta ustez banpiro bihurtzen ari denarena Robert Biermanen Banpiro musuaken (1988). Paper erromantikorik ere egin izan du: Cher-en maitalea Norman Jewinsonen Ilargiaren liluran (1987), edo senargai etsiarena Hirurentzako eztei bidaian (1992). Salbuespen horien ondoren ordea, ohiko pertsonaietara itzuli zen. David Lynchen aginduetara Bihotz basatia (1990) egin zuen, eta 1995ean antzezle hoberenaren Oscar saria irabazi zuen Mike Figgisen Leaving Las Vegasen egindako lanagatik. Hiltzear dagoen akoholikoarena egiten du Cagek aipatutako filmean. Hurrengo urtean Michael Bayren Harkaitzan lan egin zuen (1996). 2000. urtean Family Man egin zuen.