Caen
Frantzia ipar-mendebaleko prefetura hiria (Calvados, Normandia), Orne eta Odon ibaien elkargunean. 122.942 biztanle. Caen 1945etik aurrera berriro eraiki behar izan zen hiri modernoa da. Badira hala ere antzinako monumentu batzuk (Saint-Pierre eliza, XIII-XVI. m.; Abbaye des Dames komentu erromaniko normandiarra eta gaztelua, XI.m.). 14 km-ko ubide batek lotzen du Mantxarekin. Frantziako hamalaugarren portua da (2.000.000 tona 1984an). Labe garaiak, ehungintza eta janari industria. Unibertsitatea. v Historia. Caen izan zen Normandiako Duke eta Ingalaterrako Errege Gilen Konkistatzailearen egoitza nagusia (XI.m.). Filipe Augusto Frantziako erregearen esku gelditu ondoren (1204), ingelesek 1346. urtean setiatu eta 1417an hartu zuten hiria eta 1450era arte iraun zuten bertan. Unibertsitatea 1432an sortu zuten. XVI. mendean merkataritza hiri oparoa izan zen. 1944an gudaroste aliatuen bonbardaketa latzak nozitu behar izan zituen.