Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Bubka, Serguei

Ukrainar atleta (Donetsk, 1963). Pertika jauzian espezialista. Bubka nagusi izan da diziplina horretan urte askoan. 1983an eman zen ezagutzera Helsinkiko munduko atletismoko txapelketetan. Txapelketa horietan Constantin Volkov sobietarra garaitu zuen. 1984. urteaz geroztik, munduko errekorra lortu zuen (5,85). SESBek Los Angeleseko Olinpiar Jokoei egin zien boikotaren ondorioz, Bubkak ezin izan zuen dominarik irabazi. Hala ere, garaitezina zen Bubka eta munduko sei txapelketa irabazi zituen: 1983, 1987, 1991, 1993, 1995 eta 1997. Seulgo 1988ko Olinpiar Jokoetan, zailtasunak izan zituen 5,95 metrotik gora egiteko, eta azkeneko saioan lortu zuen Rodion Gatauline sobietarra garaitzea. 1992an, Bartzelonan, urrezko domina Maxim Tarassovi utzi behar izan zion. 1996an Atlantan huts egin zuen lehenengo jauzian eta min hartuta gelditu zen. Dena dela, Bubka izar bat izan da mundu osoko atletismoan. 1985ean sei metroko muga gainditzen zuen lehenengo gizona izan zen. Zentimetroz zentimetro Bubkak munduko errekorra hobetu egin zuen eta 6,14 metrora iritsi zen 1994an. Kirol jardueretako antolatzaileek dirua ematen zieten errekor bat egiten zutenei, eta Bubkak hogeita hamabost alditan irabazi zuen diru sari hori 1984-1994 bitartean. Bubkak ez zuen onartu diru hori Federazioari ematea, eta Berlinera eta Monakora joan zen bizitzera. Gaur egun, pertikako master bat antolatzen du urtero bere jaioterrian, eta munduko espezialista onenak biltzen ditu. 1998an zauri bat izan zuen belaunean eta ezin izan zuen parte hartu Sevillako munduko txapelketetan.