Broussain, Pierre
Lapurtar euskaltzalea (Hazparne, 1869 - Orthez, Biarno, 1920). Ikasketak Larresoron, Bordelen eta Parisen egin zituen. Hazparnera itzulitakoan bertako auzapez hautatu zuten. Baionako Eskualduna aldizkariko lankidea zen eta euskaltzain aukeratu zuten (1919) sortu berria zen Euskaltzaindian. Euskararen batasunari buruz batzarkideen artean egin zen azterketa lanean berea eta A. Campionena izan zen interesgarriena. Txosten hau Euskera-n argitaratu zen.