Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Bretainia

(Bretoieraz, Breiz edo Breizh) Egun Frantziako Estatuaren barne dagoen nazioa, Frantziako penintsularen mendebaleko muturrean. Mantxako Itsasarteak eta Ozeano Atlantikoak inguraturiko penintsula honek bost departamendu hartzen ditu barnean: Côtes-du-Nord, Finistère, Loire-Atlantique, Morbihan, Ille-et-Vilaine. 33.980 km2 eta 3.703.384 biztanle. Hiri nagusiak: Nantes, Vannes, Lorient, Brest, Morlaix, Kemper edo Quimper, Saint-Brieuc, Rennes (administrazio hiria), Saint-Malo, Fougères. Itsasaldeko Bretainia edo Armor (1.200 km-ko kostaldea) eta Barnealdeko Bretainia edo Argoat bereizten dira. Hizkuntza aldetik, Goi Bretainia (frantsesa) eta Behe Bretainia (bretoiera) bereiz daitezke. Loire-Atlantique departamendua (Nantes hiriburu) Bretainiako eskualdetik kanpo utzi zuten Frantziako Iraultzaren ondotik, orografiaz eta ekonomiaz berezia izanagatik betidanik Bretainiako lurra izan den arren.
 v  Historia. Monumentu megalitiko ugariek (trikuharriak, harrespilak, menhirrak) lurralde honetan zeltak etorri aurretik bestelako zibilizazioak bazirela erakusten dute. Benetoek aurre egin zien erromatarrei, Zesarrek K.a. 51n Armorika menderatzea lortu zuen arte. V. eta VI. mendeetan bretainiarrak (britons), Britainiar Uharteetan, Cornuaille eta Galesen batez ere, bizi ziren zeltak alegia, Armorikan babestu ziren, anglo eta saxoi germaniarrengandik ihesi, eta lur hari Bretainia izena eman zioten. Kolono berrien etorrerak kristautzea azkartu zuen eta monasterio ugari sortu zen Bretainian VII. mendean. Dagoberto errege frankoak mendeko egin zituen (636), baina Luis I.a errege karolingiarra hil ondoren (840), Nomenoe buruzagi bretainiarra Karlos Burusoilari jazarri eta 846. urtean Rennesko kondeen dinastia sortu zuen. Ondorengo errege Conan I.ak Bretainiako burujabetza sendotu zuen (Bretainiako dukea, 987) eta Conan IV.ak Henrike II.a Ingalaterrakoaren seme zen Geoffroi II.a Plantagenetekoarekin ezkonarazi zuen bere alaba Konstantza (1170). Haien seme Arthur I.a, Bretainiako dukea jaiotzaz (1187), Joan Lurgabeak hilarazi zuen, baina Philippe Auguste Frantziako erregeak Arthurren arreba Petri I.a Capet leinuko printzearekin ezkontzea lortu zuen, eta horrela bihurtu zuen Capet-en dinastia Bretainiako dukerriko nagusi. 1341. urtean Joan III.a Bretainiako dukea ondorengorik gabe hil eta Bretainiako Dukerrirako Gerra piztu zen (1341-1364). Joan Monfort-ekoa Karlos Bloisekoari nagusitu zitzaion eta Joan dukeak Karlos V.aren onarpena jaso zuen Bretainiako dukeek Frantziako koroarekiko mendekotasuna ezagutzekotan betiere (Guérandeko Ituna, 1365). Handik aurrera, urte oparoak izan zituen Bretainiak. Ana Bretainiakoa Karlos VIII.a (1491) eta Luis XII.a (1498) Frantziako erregeekin ezkondu eta Bretainiako dukerria Frantziako koroari lotuago geratu zen. 1514. urtean, Claude beren alaba Frantzisko I.a geroko erregearekin ezkondu eta hil ondoan (1524) Bretainiako dukerria Frantziako erregearen esku geratu zen. 1547. urtean, Henrike II.a Frantziako erregeak dukerria deuseztatu zuen eta Antzinako Erregimenean aginpide zentralaren eta Bretainiako parlamentuaren arteko tirabirak etengabeak izan ziren. Iraultzaren garaian, Bretainia izan zen Chouannerie (1793-1795) izeneko higikundearen gune nagusietako bat: Frantziako Iraultzaren aurkako matxinadak oinarritu ziren arazoei — ekonomia estuasunak, erlijioaren aurkako politika, soldadutza derrigorrezkoa— Frantziako batasunaren kontrako sentimendu abertzalea gaineratu zitzaien Bretainian. Bretainiaren autonomia eta burujabetzaren aldeko higikundea bizkortu egin zen XX. mende hasieran eta Mundu Gerra biren artean arrakasta handia lortu zuten Bretainiako Alderdi Autonomistak (1927) eta Bretainiako Alderdi Abertzaleak (1931). Bigarren Mundu Gerraren garaian nazien aldeko zirela eta, zapalkuntza latza jasan zuen Breizh Atao taldeak 1944an. Gerraren ondoren, Bretainiak kultura eta politika eskubiderik gabe segitu zuen eta jende askok erbesteratu behar izan zuen bertako egoera ekonomiko txarragatik (1954-1968). 1966. urtean erakunde berri batzuek ekin zioten Frantziako Estatuaren aurkako borrokari (Bretainiako Askatasun Frontea; Bretainiako Armada Errepublikarra) eta 1973an Frantziako gobernuak borroka armatua zerabilten erakunde hauek guztiak legez kanpo utzi zituenetik kultura eta politika erakunde abertzale berriak sortu dira Bretainian.           
 v  Hizkuntza. Bretainiako berezko hizkuntza breizera edo bretoiera da (brezhoneg). X. mendera arte Bretainia osoko hizkuntza zena, normandiarren eta frantsesen erasoek atzerarazi egin zuten, eta XVIII. mendean bitan banatzen zuen dagoeneko, hizkuntza aldetik, iparraldeko Saint-Brieuc (Sant Brieg) eta hegoaldeko Vannes (Gwenede) hiriak lotzen dituen marrak: mendebala, Behe Bretainia, bretoieraz mintzatzen dena eta ekialdea, Goi Bretainia, frantsesez. Bretoiera hizkuntza zelta da, Gales eta Cornuaillesko hizkuntzen ahaide hurbila, mendetan banaturik bizi izanak eta kanpotiko hizkuntzen eraginak (latina eta frantsesa bretoieraren kasuan) hizkuntzari ekarri dizkioten berezitasunak kontuan hartzen ez badira. Eskozia, Man eta Irlandako hizkuntzen ahaide urruna da. Guztiz datu zehatzak ez badira ere, 700.000 lagunek hitz egiten dute bretoieraz (brezhoneger), eta kopuru hau gutxituz doa, Frantziako administrazioak oztopoak baizik ez baitizkio jartzen bretoieraren zabalkundeari. Frantziaren mendeko beste lurraldeetan bezala, frantses hizkuntza da nagusi alor guztietan eta bretoierak, inolako ofizialtasunik ez izaki, ez du laguntza aipagarririk jasotzen.  v  Literatura. XIII. mendetik aurrera gortea erabat frantsestu zen. Bretainiarren literatura zaharretik ez da ia deus ere gorde, XV. mendeko «mister» batzuetako zatiak ez badira edota XVI. mendean argitara eman zen Melozour ar Marv (Heriotzaren ispilua) «mister» delakoa. Bretainian ez bezala, Galesen oso literatura aberatsa landu zen ahozko tradizioari jarraituz. XVIII. mendea arte «mister» eta santu bizitzak argitaratu ziren eta XIX. mende hasieran etorri zen Ar Gonideg handia (1775-1838), bretoiera baturako ardatzak finkatu zituena, herri mintzaira oinarri hartuz betiere. Ar Gonideg-en lanari jarraitu zitzaizkion Milin, Franses Vallée eta, geroago, Roparz Hemon. XX. mendearen lehen erdialdean, Gwalarn aldizkariaren ingurura bildu ziren idazle garrantzitsuenak, Roparz Hemon, Youenn Drezen eta Jakez Riou besteak beste; baina bretainiar abertzaleak naziekin nahastu zirela eta, 1944an Gwalarn aldizkaria legez kanpo utzi, idazleak preso hartu eta batzuk afusilatu egin zituzten. Bretainiako literaturak eten handia izan zuen, ondorioek oraino ere bizirik dirautela.