Bremen
Alemaniako ipar-mendebaleko hiria eta izen bereko estatuko hiriburua, Weser ibaiaren ertzean, Ipar Itsasotik 65 km-ra dagoena. 570.000 biztanle (1987). Bremen Alemaniako bigarren ibai portua da. Altstadt hiri zaharra Weser ibaiaren eskuinaldeko ertzean dago. XII. mendeko katedrala, XIV. mendeko udaletxea eta XVI-XVIII. mendeetako etxeak. Neustadt, hiri berria, Bigarren Mundu Gerran suntsitu zuten, eta geroago amerikarren laguntzarekin eraiki zuten berriz. Jarduera handiko portua du (27.867.000 tona 1985. urtean), Weser ibaiaren bi aldeak hartzen dituena. Industria oso garrantzitsua da: burdingintza, industria mekanikoa (automobilak, ontziak, doikuntza mekanika), petrolio findegia, ehun eta janari industria. v Historia. Willehad santuak 787an sorturiko apezpikutegi baten egoitza izaki, 845ean Hanburgorekin batu zen Eskandinavia, Groenlandia eta Islandiaren kristautzeaz arduratuko zen apezpikutegia osaturik. Merkataritza hiri garrantzitsu bihurtu zen IX. mendetik aurrera, eta 1358an Hansako partaide egin zen. 1522. urtean erreforma onartu zuen eta 1656an Inperioko hiri askea bihurtu zen (Westfaliako Ituna). 1654. eta 1666. urteetan suediarren aurkako gerran aritu zen Bremen. 1810. urtean Napoleonen gudarosteek hartu eta 1815era arte baizik ez zen aske geratu (Vienako Kongresua). 1866an Ipar Alemaniako Konfederazioko partaide bihurtu zen, eta geroago Alemaniako inperiokoa 1871n. Bigarren Mundu Gerran bonbardaketa latzak jasan behar izan zituen eta 1947an Alemaniako Errepublika Federaleko land txikieneko baten (404 km2. 654.170 biztanle,1987) hiriburu bihurtu zen.