Bornu
Afrika erdialdeko antzinako inperioa (Erdialdeko Sudan), Txad aintziraren hegoaldean, Mediterraneotik Sudan aldera doazen bideen gurutzean (Sahara barneko merkataritza). Kanem erreinuaren ondorengoa (XVI. m.), armadan oinarrituriko sistema feudala izan zen eta ondoko herriak (hausak) menderatu nahi izan zuen. Idris III.a sultanaren garaian heldu zen Bornu bere mailarik gorenera (1580-1603). Garai hartan Niger, Kamerun eta Kanem herrietara zabaldu zen. Islam herria, erlijio honek barrena jo zuen Afrika erdialdean Bornu erreinuaren bidez. XIX. mendearen hasieran Fezzanetik zetozen peuleek inbaditu zuten Bornu eta berriro ere burujabetza erdietsi bazuten ere, frantsesek gidaturiko kolonialistek zapaldu eta Bornu erreinu handia estatu kolonizatzaileen artean banatu zen: Frantzia (Niger, Txad), Ingalaterra (Nigeria) eta Alemania (Kamerun). v Bornu Nigeriako estatua da egun. 116.400 km2 eta 5.025.000 biztanle (1984). Hiriburua: Maiduguri. Artoa, kakahueteak, kotoia.