Bon, François
Frantses eleberrigilea (Luçon,1953). Ama irakaslea zuen eta amaren bidetik ezagutu zituen idazle surrealistak. Baina ondoren hainbat urtez aldendu egin zen idazketaren mundutik. Enpresa bateko teknikari izan zen eta bien bitartean kontakizun laburrak idatzi zituen. 1980. urtetik aurrera, ordea, eleberrigile gazte bikainenetako bat bihurtu zen. 1982an Sortie d´usine (1982, Lantegiko irteera) lanean, lanaren alienazioa, izua eta bizitzaren porrota gaiak lantzen ditu. Bonbai, Mosku edo Vitry-sur-Seine-ko industria paisaiak langile klasea izan zenaren -Temps machine (1993, Makina denborak)- edo historia hilaren -Calvaire des chiens (1990, Zakurren kalbarioa) nekropolisak dira. Bon estuasun sozialaren behatzaile zorrotza izan da -Un fait divers (1993, Istiluzko gertaera bat)-. Oso ondo ezagutzen du Rabelais-en obra eta saikera liburu bat idatzi zuen haren inguruan, La Folie Rabelais (1990, Rabelais eromena). Bon liluraturik zegoen Errenazimentuko jakintzekin, Rabelaisen eta Cervantesenarekin bereziki. Beste lan aipagarri batzuk: Parking (1996), Limite (1985, Muga), C´était toute une vie (1995, Bizitza oso bat zen), L´Enterrement (1992, Ehorzketa), Prisons (1997, Presondegiak), Le Solitaire Jacques Muron (1996, Jacques Muron bakartia), Dans la ville invisible (1995, Herri ikusezinean) edo 30, rue de la Poste (1996).