Bonaparte Bleschamp, Louis-Lucien
(Bonaparte printzea). Euskarak Euskal Herritik kanpora izan duen ikertzaile eta sustatzailerik garrantzizkoenetakoa (Thorngrowe, Worcestershire, 1813 - Fano, Urbino, 1891). Napoleon I.aren iloba, Lucien-en semea, Ingalaterran jaio zen bere aita gatibu zen garaian eta Waterlooko guduaren ondoren Musignanora aldatu zen familiarekin batera (1815, Elizaren Estatuak). 1833an Florentziako Maria Anna Cechi-rekin ezkondu zen, baina ez zuten zorionik ezagutu lotura harekin. Europan eta Estatu Batuetan izan ondoren, kimika, minerologia eta, geroago, hizkuntzalaritza ikasketei ekin zien. 1847an hizkuntzalaritzari buruz argitara eman zuen lehen liburuan euskara hartu zuen gai nagusi gisa eta 1848an politika munduan sartu zen, bere lehengusua Luis Bonaparte Frantziako Enperadore zela eta. 1850. urtean emaztearengandik bereizi eta 1852an, senatari zela, lehengusuak printze egin eta urteko 130.000 liberako saria eman zion. Oxfordeko Unibertsitateko irakasle zela, Antoine d’Abbadierekin jarri zen harremanetan Londresen (1855-1856) eta lotura honen fruitu gisa hasi ziren Bonaparteren euskarari buruzko lanak. 1856-1869 bitarteko urteetan egin zituen ibilaldien eta bere baitara bildu zituen laguntzaileen lan ugarien emaitza dira euskarari eskaini zizkion lan nagusiak: Langue basque et langue finnoise (1862), Curiosidades eúskaras (1866), Le Verbe Basque en tableaux (1869), Deux Cartes des sept Provinces Basques (1869), Études sur les trois dialectes basques des vallées d’Aezcoa, de Salazar et de Roncal… (1872), Observations sur le basque de Fontarabie, d’Irun… (1877), Observaciones sobre el vascuence de Navarra (1881), eta abar luze bat. v Bonaparte Printzearen lana ezinbestekoa da egun euskal dialektoak ezagutu nahi dituen edonorentzat. Berak mugatu zituen euskalkiak lehenbizikoz (zortzi euskalki: bizkaiera, gipuzkera, lapurtera, hegoaldeko goi-nafarrera, iparraldeko goi-nafarrera, ekialdeko behe-nafarrera, mendebaleko behe-nafarrera eta zuberera); berak egin zituen euskararen lehen mapak, euskalkiak kontuan hartuz, 1868. urtean euskararen hedapena norainokoa zen erakusgarri. Argitara eman zituen kristau ikasbideek, Biblia zatiek eta Biblia osoek (Duvoisinen Bible saindua edo testament zahar eta berria bereziki), dokumentazio gaitza eskaini zuten ordura arte gisa horretako materialik ez zuten euskaralarientzat, bertako nahiz kanpokoentzat. Itzulpen gehienok, eta bestelako lanen bat, Euskaltzaindiak berrargitaratu ditu haren mendeurrenean (1991) Baliozko pertsonez inguratzen jakin izan zuen, laguntzaile bikainak izan baitzituen: J. P. Duvoisin (lapurtera), J. A. Uriarte (bizkaiera eta gipuzkera), Klaudio Otaegi (gipuzkera eta goi-nafarrera), M. Mendigatxa (erronkariera) E. Intxauspe (zuberera), M. Salaberri (behe-nafarrera), B. Etxenike (baztanera). Ingalaterran bizi zelarik, urteko diru saririk gabe geratu zen Frantzian III. Errepublika aldarrikatu zenean. 1881ean alargun gelditu eta Clemence Richard Grandmontaigne, Klaudio Otaegiren koinata atarraztarrarekin ezkondu zen bigarrengoz. 1883. urtean Gladstone-ren gobernuak urteko 250.000 liberako diru saria eskaini zion ingelesaren dialektoei buruzko bere ikerketak buka zitzan. Hil ondoren, bere liburutegi osoa Chicagoko Newberry Library delakoak erosi zuen. Euskal gaiei eta beste hainbat gairi buruzko eskuizkribuak R. M. Azkuek erosi zituen Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa eta Arabako diputazioentzako eta haietan daude gorderik.
- Bon, François
- bon
- Bon
- Bonabentura, santua
- Bonaire
- Bonaparte Bleschamp, Louis-Lucien
- Bonaparte
- Bonaparte, Karlos Marie
- Bonaparte, Jerôme
- Bonaparte, Josef
- Bonaparte, Lucien