Boccioni, Umberto
Italiar margolari eta eskultorea (Reggio Calabria, 1882 - Verona, 1916). Arte futuristaren lehen teorikoa. Erroman egon zen 1898tik 1902ra, eta teknika berriak ikasi zituen han. 1902tik aurrera Parisen egon zen eta 1908an Milanen hartu zuen bizilekua. Urte hartan bertan Marinetti ezagutu zuen; Margolari futuristen agiria izenpetu zuenetarikoa izan zen (1910), eta orobat Margolari futuristen agiri teknikoa-ren erredaktore nagusia (1912). Kubistengandik zenbait teknika hartu zituen (planoak planoekin ebakiz eta berriro elkartuz lortzen zuen gauzakiak deskonposatzea, batez ere), baina arte mota horren alde estatikoak eta intelektualak ez zituen onartu; zibilizazio modernoaren dinamismoa adierazi eta mugimendua idaroki nahi zituen berak. Haren zenbait lan: Gora doan hiria, Materia, Kalearen indarra, Futbol jokalari baten dinamismoa, Botila baten garapena espazioan.