Bodard, Lucien
Kazetari eta idazle frantsesa (Sixuan, Txina, 1914 - 1998). Aita diplomatikoa zuen eta lehenengo urteak Txinan eman zituen. Ondoren Frantziara joan zen eta han zientzia politikoetako diploma lortu zuen. Afrika Iparraldera lehenbizi eta Londresa bidaiatu zuen ondoren, eta 1944an kazetari gisa hasi zen lanean behin-behineko gobernuaren prentsa informazio sailean. 1946an France Illustration aldizkarian idazten zituen zutabeekin egin zen ezaguna, zeinetan Afrika Iparraldeko deskolonizazioa ezinbestekoa zela adierazten zuen. Handik bi urtera France-Soir aldizkariko kide izan zen. Erreportari lanen ondorioz, XX. mende erdialdeko fronte gogorrenetara joan behar izan zuen: Indotxina (1948-1954), Hong Kong, Maoren Txina, Iparraldeko Afrika, Hego Amerika, etab. Bidaia horietan milaka artikulu eta hainbat liburu idatzi zituen. 1957an La Chine de la douleur (Oinazearen Txina) idatzi zuen, Maoren garaiko izua salatzen duena. 1963-1967 bitartean, Indotxinako gerrari buruzko trilogia idatzi zuen: L’Enlisement (Hondamendia), L’Humiliation (Iraina), L’Aventure (Abentura). Lan horietan eleberrigile handien adimena eta energia erakusten du, kazetariaren jardueraren mende. Aipagarriak ditu bestalde, Txina inspirazio iturri izan zuten Monsieur le Consul (1973, Kontsul jauna ), La Vallée des roses (1977, Arrosen bailara) eta Anne Marie (lan horri esker 1981ean Goncourt saria irabazi zuen) lanak. Bere azken liburua, hura ere Txinan oinarritua, hil eta hilabete batzuetara argitaratu zen, Le Chien de Mao (Maoren Zakurra), diktadorearen alargunaren biografia.