boa
iz. Zool. Hego Ameriketako suge handia, pozoi gabea (Subfam. Boinae). Animalia odol berokoak jaten ditu, bere gorputzaz jiran bildu eta hertsatuz ito ondoren. Badira narrasti familia honetan hamar metro luzekoak, gehienak bi eta lau metro bitartekoak dira baina. Tropikoetako giroa, hezetasunarengatik, dute gogoko, eta eskualde lehorretan bizi direnak ere bizitu egiten dira euri sasoietan. Badituzte hanka moduko ataltxo batzuek eta haiei eusteko gerri hezurrak ere. Barail hezur luze zabalekoak izan ohi dira, eta hala irensten dituzte harrapakin handiak. Gorputza ezkataz estalia dute, baita begiak ere; begietako ezkatak, ordea, gorputzekoak baino txikiagoak, eta gainera gardenak izaten dira. Biziernalkariak dira ia denak, arrautzetik jaiotzen diren batzuek badaude ere. Asiako eta Afrikako zenbait herrialdetan hezita gero etxea zaintzeko, eta laguntzako animalia gisa erabiltzen dituzte. 35 boa mota ezagutzen dira. v Boa hertsatzailea (Constrictor constrictor). Boa ezagunena da. 4,5 m. inguru neurtzen du. Erdi eta Hego Ameriketan bizi da. Oso ibili mantsokoa da; ugaztunak eta hegaztiak jaten ditu, baina nekez ardia baino tamaina handiagokoak. v Anakonda erraldoia (Eunectes murinus). Boido guztietan handiena da. Hego Ameriketako ibaietan bizi izaten da. Harrapatu, 8 metrokoak harrapatu izan dira, baina 14 metrotarainokoak ere badira. v Boa esmeralda (Boa canina). Bere kolore berdeagatik deritzo horrela. Bizitzaren parterik handiena zuhaitzetan ematen du, Brasilgo eta Guyanako oihanekoetan. 1,5 inguru neurtzen du.