BMW
Automobil, motoziketa eta hegazkin motorren fabrikatzaile alemaniarra. 1916an sortu zen, motor eta hegazkinen bi enpresek bat eginda. Motozikletak egiten 1923an hasi zen, eta automobilak egiten 1928an, Dixi enpresaz jabetu zenean. 1932an bere diseinuko lehen autoa atera zuen: 3/20 AM 1, 20 CV. Bigarren Mundu Gerraren garaian hegazkinetako motorrak eta motozikletak baino ez zituen egin. Ez zuen auto berririk aurkeztu 1952 arte: 501 modeloa. 1955ean Isetta mikro-autoa sortu zuen, eta 1960ko hamarraldian, krisialdi ekonomikotik atera zuen 1500 modeloa. 1990eko hamarraldian Estatu Batuetan ere automobilak egiteko erabakia hartu zuen, eta Rover etxearen, Britainia Handiko fabrikatzaile bakarraren, jabe egin zen. Motozikleten alorrean, japoniarrekin lehiatzeko gai izan den europar fabrikatzaile bakarra da.