Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Block, Lawrence

Estatubatuar idazlea (Buffalo, 1938). Ofizialki 1961ean argitaratu zuen lehenengo eleberri beltza, L’Étouffe serviette. Horren ondorengoak dira Y´a qu´à baisser, drogaren inguruan idatzia; Lune rouge (Ilargi gorria), mendeku eta jazarpen istorio bat; Le Nœud coulant (Sokalasterra) eta Sacrés lascars (Maltzur sakratuak). Lan horiek kalitate maila handikoak badira ere, guztietan antzematen da eraginen bat (Cain, Williams, Irish, Westlaki). 1967an espioi eleberri tradizionalen kontrako bidetik egin zuen Evan Tanner espioiaren sailaren bidez. Ildo horretatik, beste bi sail osatu zituen. Lehenengoan, Meurtres à l’amiable (Heriotza adiskidetsuak) eta L’Aquarium des sirènes (Sirenen aquariuma) lanekin, Leo Haig detektibeak narratzailearen papera egiten du. Bigarren sailean Bernie Rhodenbarr pertsonaia agertzen da, zorritxarreko lapurra ezizena duena. Dena dela, hurrengo sailarekin lortu zuen Blockek ospea, Matt Scudder detektibearekin hain zuzen. Matt Scudder polizia izana da, eta lanbidearen gorabehera batengatik dimisioa ematen du. Alkoholismoan ezkutaturik emaztea eta seme-alabak galtzen ditu. Baina sendatzea lortzen du eta detektibe pribatu bihurtzen da. Kontakizun guztietan Mattek bere buruarekin borroka egiten du berriz ere alkoholismora ez itzultzeko. Lehenengo liburua 1975ean argitaratu zuen eta 1997. urtea arte hamairu abentura ezagutu zituen. Poliki-poliki tonua pesimistagoa bihurtzen da, azpijokoak gero eta konplexuagoak dira, eta gaiak gero eta beltzagoak.