biogeografia
iz. Biol. Izaki bizidunak Lurrean nola dauden banatuta, zergatik eta zer aldaketa izaten duten aztertzen duen geografiaren alorra. Bizidunak inguruari nola egokitzen zaizkion, zein jatorri duten, sortzen diren batasun biogeografikoak eta ekosistemak hartu behar izaten ditu kontuan horretarako. ■ Biogeografia alde asko dituen jakintza bat da; izaki moten kopuruak leku batzuetan ala besteetan nola diren desberdin aztertzen du, eta desberdintasun hori esplikatzen saiatzen da. Eragile fisiko, biologiko eta historiko askok baldintzatzen dute izaki moten banaketa eremua; banaketa edo barreiaketa horrek ezin du, izadiak edo klimak jartzen dituzten oztopoak direla eta, era berekoa izan alde guztietan, eta, beraz, ezaugarritzat izaki mota jakin batzuk harturik, haiek agertzen diren eremuak definitzen dira. Eremu horien barnean, landareak eta animaliak bioma deitu ohi diren multzo handitan antolatuta daude (ik. bioma). Bestalde, erabakigarriak dira biogeografian espeziazio gertaerak, horiei esker sortzen baitira animalia eta landare mota berriak (ik. espeziazio). ■ Lurraren gainean 1.600.000 izaki mota ezagutzen dira, eta horiez gainera, badira hainbat milioi izaki mota iraungiak, haietaz dakigun apurtxoa fosilen erregistroan utzi zituzten aztarnei esker dakiguna. Izaki motak edozein tokitan agertu izan dira, historiak hartaraturik, ekologiak eraginik edo izaki bizien multzoen genetikaren eraginez, baina izaki mota bakoitzak geografiazko banaketa jakin bat du edo izan du; alegia, izaki mota bakoitzak bere eremu mugatua izan du Lurrean, habitat jakin batzuetan soilik agertzen da, eta leku guztietan ez da beti oparotasun berberaz agertzen. Banaketa eremu horiek eta izaki moten ugaritasuna ez dira beti berdinak izan, aldakorrak dira aitzitik; hasieran txikiak izan ohi dira tamainaz eta kopuruz, gero handituz joaten dira, eta txikitzen hasten dira berriz, harik eta, azkenik, zeharo urritu eta izaki mota hori iraungi egiten den arte. Beraz, izaki motak ez dira era berean banatzen Lurrean zehar, aitzitik, eragile askok eta era askotakoek baldintzatzen dituzte espazioan eta denboran zehar banatzeko dituzten ereduak. Banaketa horiek eta banaketa horien eragileak aztertzea da, hain zuzen, biogeografiaren helburua. Maila desberdineko taxonen banaketa ereduak deskribatu eta ulertu nahi ditu; non sortu zen izaki mota jakin bat, zergatik bizi den eremu jakin batean, eta zergatik ez den bizi ustez egoera bera duten beste eremu batzuetan. ■ Galdera asko egin daiteke pentsaera horren inguruan, eta asko argi daitezke historiaren argitan, besterik gabe. Handia da, beraz, historiak biogeografiari egin dion ekarria; horretan, jakina, nahitaezkoak dira fosilen azterketa eta plaken tektonika, hots, Lurraren historian zehar kontinenteak nola elkartu eta bereizi ziren argitzen duen teoria. ■ Biogeografia alde asko dituen jakintza bat da, beste jakintza askoren jakitateak biltzen dituena (batez ere ekologia, izaki bizien multzoen biologia, sistematika, bilakaeraren biologia, geologia eta izadiaren historia), eta informazio kopuru handi bat laburtzen eta biltzen duena. Nolanahi ere, jakintza honetan diharduten zientzialariak oso arlo jakinetan espezializatzen dira: taxonomian (fitogeografoek landareak aztertzen dituzte, zoogeografoek, berriz, animaliak), biogeografia historikoan -taxonen edo komunitateen jatorria, haien zabalkundea eta iraungitzea argitzen saiatzen da-, edo biogeografia ekologikoan -izaki moten gaur egungo banaketa argitu nahi du, organismoek eta ingurune fisiko nahiz biotikoak elkarrengan dituzten eraginen argitan-. ■ Biogeografia eskualdeak. Lurrean badira oso eskualde handiak, kontinente osoek ere eratuak izan daitezkeenak, geografia oztopo gaindiezinez bereiziak, eta, beraz, zeinek bere animalia eta landare bereziak dituztenak. Biogeografian, izen bereziak dituzte eskualde horiek; asko dira, beraz, Lurraren atal biologiko esan diezaiekegunak, maila desberdinekoak, eta beren animalia eta landare moten arabera zatituak. Erreinu, eskualde eta probintzia deritzen zatiketa horiek taxonomia dute oinarri, eremu bakoitzeko izaki bizidunak bereizten ditu, alegia. Izadiko oztopoek sortzen dituzte zatiketa horiek, zatiketa edo eremu horietako bati dagozkion izaki mota gehienei ez baitiete handik kanpo sakabanatzen uzten. Garrantzi handia dute, beraz, itsaso eta ozeanoek, basamortuek edo mendikate handiek eskualdeak mugatzerakoan. Hala ere, erreinu horien arteko muga ez dago zehatz definitua, aitzitik, badira nahasketazko eta bitarteko eremu zabalak; mendi handiak (Himalaia, adibidez), itsasadar zabalak edo izotz basamortuak daudenean, orduan baizik ez dira eskualdeen arteko zatiketak garbiak.