biogas
iz. Biol. Hondakin organikoak –abereen simaurra edo landare hondarrak– egoera anaerobio batean (oxigenorik gabeko egoeran) deskonposatzean lortzen den gas nahasturari ematen zaion izena. Bakterioek egiten duten prozesu horretan metano (batez ere), karbono dioxido, hidrogeno, nitrogeno eta azido sulfhidriko gasen nahastura askatzen da. Erregai merkea eta berriztagarria da; ibilgailuetan erabiltzen da, kaleko argiekin nahasteko eta industria eta etxeko eginkizunetarako. Biogasaren ekoizpenak, hondakinak baliatzeaz gainera, ongarri bikaina sortzen du bigarren produktu gisa. Garrantzi handikoa da garatze bidean diren herrialdeetan, eta herri industrializatuetan ere gero eta garrantzi handiagoa ematen diote, petrolioaren egungo morrontza murrizten duelako.