biofisika
iz. Gai bizidun ororen egitura eta betekizunak aztertzeko fisikaren metodoak eta hatsapenak baliatzen dituen jakintza alorra, biokimikarekin eta fisiologiarekin lotura estua duena. XIX. mendean, fisikaren aurrerapenei esker, eta biologia bera ere, kimikarekin batera, zientzia bihurtu zelako hasi zen garatzen biofisika; Helmholtz, Young, Mayer eta Guye jo daitezke aurreneko biofisikotzat. Gaur egun, fisika atomikoak eta ingeniaritza elektronikoak izandako aurrerapenei esker, baliabide eta tresna berriak lortu ditu biofisikak, eta lan arlo bat baino gehiagotan banatzen da: biofisika fisiologikoa (hemodinamika, ikusmenaren arazo fisikoak, fotosintesiarenak, kirio sisteman zehar taupada elektrikoak eramatea, eta entzumenaren eta zelula mintzen alde fisikoak aztertzen dituena, besteak beste), molekularra (makromolekulen morfologiaz eta kanpotik eragindako aldaketez, haien ezaugarriez, eta abarrez arduratzen dena) eta fisiko-kimikoa (energia, termodinamika, tenperatura, zinetika, osmosia eta abar aztertzen dituena), erradiobiologia (irradek izaki bizidunei eragindako ondorio biologikoez, horien ondoriozko aldaketa fisikoez eta abarrez arduratzen dena) eta biofisika teorikoa, informazioaren teoria, fisika teorikoa eta matematikak biologian erabiltzeaz, zibernetika arazoez eta abarrez arduratzen dena.