Bilboko superportua
Punta Lucero lurmuturreko dikea, Bilboko portu tradizionaleko kanpokoena. 1970eko hamarraldiaz gero "super" superlatiboa aplikatzen zaio, portuko instalazioak etengabe handitzen joan direlako harrezkero, eta hango lanak Espainiako XX. mendearen bigarren erdiko ingeniaritza obra handienetako bat direlako. 1990eko hamarraldiko zabaltze lanen helburua Abraren ezkerrealdean –Zierbenako portuaren eta Santurtziko egungo dikearen artean– itsasoari puska bat kentzea izan da. Bilboko portuaren zabaltze lanak bi alditan banatu dira: lehenengoan (1991-1998) 3.150 metroko dikea eraiki da, hiru norabidetan hautsia, eta honi 1.400 metroko kontradike zuzen bat erantsi zaio, bederatzi kilometro kai, eta 1,5 milioi metro koadroko eremu bat (150 futbol zelai baino gehiago) zerbitzuetarako. Bigarren fasean 7 kilometro kai eraikiko da eta bi milioi metro koadroko eremua lortuko da zerbitzuetarako.