Bilboko aireportua
Instalazioak Sondikan zeuzkan Bilboko Aireportuak 1998an bete zituen 50 urte, eta ordurako martxan zegoen aireportuaren terminala Loiura aldatzeko egitasmoa. Egitasmo hark oztopo handi bat gainditu behar izan zuen, Bilboko Aireportuak hartu behar zituen lurretan lindano kutsagarria gordetzeko biltegi bat baitzegoen. Aireportua eraberritzeko lanei ekin aurretik, lindano biltegia behar bezala itxi behar izan zuten, eta nahiz eta polemika ez zen horrekin amaitu, 2000. urteko azaroan inauguratu zen Bilboko Aireportuaren terminal berria Loiun, egitasmoa onartu zenetik hamar urte eta lanak hasi zirenetik lau betetzen zirenean. Bilboko Aireportuaren egoitza aldatzeko lanek 34.000 milioi pezetako aurrekontua izan zuten, eta horietako 10.000 milioi Santiago Calatravak diseinatutako uso tankerako terminal berria eraikitzeko erabili ziren, nahiz eta hasierako aurreikuspenen arabera 3.000 milioikoa izan aurrekontua. Loiun kokatutako Bilboko Aireportu berriak EAEko aire bidezko trafikoaren % 90 hartzen du, eta Sondikakoa baino hiru aldiz handiagoa da, 32.000 m2-ko azalera baitu haren 10.000 m2-en aldean. Orduko 20 hegaldi har ditzake, eta bikoiztu egiten du Sondikak zuen ahalmena, bai bidaiariei dagokienez –4 milioi har ditzake urtean, eta Sondikaren muga 2 milioitan zegoen–, baita pistetan egon daitezkeen hegazkin kopuruari dagokionez ere –11 Sondikan, 22 Loiun–. Aireportuaren zerbitzu nagusiak Loiura eraman arren, Sondikan mantentze-lanei eta garraio terminalari eutsi zitzaien.