Bilbo
edo Bilbao. Bizkaiko hiriburua. Euskal Herriko hiririk jendetsuena eta porturik handiena da. Hego Atlantikoko hiri eta portu garrantzizkoenetakoa (Espainiako estatuko lehen portua). Bilbo Handia izeneko eskualdeko hiri nagusia da. Hiriak lehen burujabe ziren elizate batzuk hartzen ditu bere baitan gaur egun: Abando, Begoña eta Deustua. Egungo mugak: Barakaldo eta Sestao, mendebalean; Arrigorriaga, hegoaldean; Basauri, Galdakao, Etxebarri, Zamudio eta Derio, ekialdean; Erandio, Loiu eta Sondika, iparraldean. 41,3 km2. Bilboko portuaren eremuan daude Hego Euskal Herria, Kantabria, Gaztela, Aragoi eta, neurri apalagoan, Valentzia eta Bartzelona. Inportazio portua da orain (% 80), esportazioak izugarri murriztu baitira azkenaldi honetan. 1979ko Autonomia Estatutuaz geroztik, Euskal Herriko merkatu portuak (Bilbo eta Pasaia) Madrilgo Gobernuaren esku daude (haren esku dago, alegia, portuei buruzko transferentziak nola, noiz eta zein neurritakoak izango diren erabakitzea) eta Bilboko portuaren geroa ez da batere argia, Madrilgo Gobernua Atlantiko aldeari lehen maila ematetik urrun baitabil. Honez gainera, zerbitzuetan ere garrantzi handia du gaur egun Bilbok. Bertako merkataritza zerbitzuek eremu zabal bat hartzen dute (Bizkaia, Araba, Gipuzkoako mendebala, Kantabriako ekialdea eta Gaztelako iparraldea). Portuaz gainera, Bilboko aireportua (Loiu) Hego Euskal Herriko garrantzitsuena da eta, oraindik behar bezala garatu ez bada ere, bertara bilduko da Euskal Herriko aire garraiogune handiena. Bilbo da, bestalde, Euskal Herriko Unibertsitatearen egoitza garrantzizkoena, eta hantxe dago Erretoregoa. v 2005eko datuen arabera, 355.667 biztanle ditu Bilbok (bilbotarrak), baina Bilbok Bizkaian eta EAEn duen garrantziaren neurri zuzena emateko ezin da ahaztu azken urteotan areagotu egin dela Bilbo Handia osatzen duten udalerrien arteko lotura, eta Bilbo gero eta gehiago dela 800.000 biztanletik gora biltzen dituen metropolia, udalerri soila baino. v Orografia eta klima. Ibaizabal ibaiaren behe arroan dago kokatua. Ibai adarraren goialdean dago Bilbo, Begoña eta Artxanda mendien artean hedatzen den eramakin ordoki batean. Askok bestela uste duen arren, Nerbioi ibaiak ez du Bilbo zeharkatzen, ibai horrek Ibaizabalean isurtzen baitu ura Bilbora baino lehen (Araizko Benta, Basauri). Klima ozeanikoa eta euritsua da (1.250 mm, batez beste); tenperatura epela da batez beste (10°-12° neguan, 25°-28° udan). v Komunikabideak. Komunikabide sare zabal batek lotzen du Bilbo Euskal Herriko eta kanpoko hiri eta eskualde nagusiekin. Autobideak: Bilbo-Donostia-Baiona, Bilbo-Gasteiz-Burgos (Madril), Bilbo-Gasteiz-(Iruñea)-Zaragoza (Bartzelona). Burdinbideak: Bilbo-Miranda (Madril), Bilbo-Tutera (Bartzelona). Bilbo-Donostia (burdinbide estua). Bilbo-Santander. Nazioarteko aireportua (Sondika). Garrantzi handiko merkataritza portua. v Hiriaren bilakaera eta hazkunde demografikoa. XIII. mendeko azken urtean sortu zen (Diego Lopitz Harokoa, 1300eko ekainak 15). Bilboko hiribilduak Begoña azpian eta Ibaizabal ibaiaren eskuinaldean zeuden biziguneetako biztanleak bildu zituen, eta Erdi Aroko hiri klasiko bat osatu zuen: zazpi kale zituen esparru itxia eta harresiz inguratua zen. Kanpotik sartzeko ateak eta ibaiaz beste aldera hedatzen zen auzoarekin lotzen zuen zubi bakarra (San Anton zubia). Harresiz kanpoko lehen zabaldegia 1483tik aurrera egin zen, Erdi Aroko eskema hertsia hautsiz. Honen arabera, Askao eta Areatzarantz, alde batetik, eta Ibenirantz, bestetik, hedatu zen Bilbo; erribera lurrak arian arian jendez betetzen joan ziren. 1576ko suteak hiriaren itxura biziki aldatu zuen. Hiriaren eskuinaldea (Bilbo) eta ezkerraldea (Bilbo Zaharra izeneko auzoa eta Abando) lotu zituen zubi bakarra San Anton izan zen luzaroan. 1593an zubi zaharra erori egin zen eta beste bat eraiki zuten berehala. Abandoko frantziskotarrek zurezko zubi bat eraiki zuten XVIII. mendearen bukaeran, frantses osteak 1813. urtean suntsitu zutenaren lekuan hain zuzen. Sortu zenetik XVIII. mendea arte, Bilbok ez zuen biztanleria hazkunde handirik izan, nahiz XV. mendearen bukaeratik aurrera Bizkaiko hiri jendetsuena izan. XVI. mendean 5.670 biztanle zituen, aldirietako biztanleria barne, eta XVIII. mendearen bukaera arteko hazkundea ez zen nabarmena izan (10.943 biztanle 1797an). 1790ean hasi zen hirigintza berriaren arabera, San Nikolas eliza berritik Sendejaraino zabaldu zen (Loredo plana). Zubi berriak behar ziren eta Udalak txalupazko zubi bat egin zuen ibaian. XVIII. mende hasierako biztanleriaren hazkundeak etenaldi nabaria nozitu zuen Napoleonen osteen aurkako gerran eta 1813. urtean 9.482 biztanle zituen, 1797an baino 1.500 gutxiago. 1828an Plaza Berria eraiki zen, eta urte horretan osatu zen batu aurretik Ibaizabalen eskuinaldeko Bilbo egituratu zuen esparrua. Aurreko urtean jaso zuen Antonio de Goicoechea arkitektoak San Frantzisko zubia, eta Abando alderako igarobideak hobetu ziren horrela. 1845ean Elisabet II.a izeneko zubia luzatu zen Arenal eta Ripa artean eta 1852an zubi berri bat eraiki zuten San Frantzisko zubiaren ordez. Abandok, bestalde, beste zubi bat eraiki zuen 1869an, San Frantzisko deiturikotik gertu. Bigarren Karlistadan bota zituzten hiru zubi hauek (1874), Bilbo handitzen ari baitzen, eta lurrak behar baitzituen zabaltzeko. 1863an eraiki zen lehen burdinbide geltokia Abandon, Ibaizabal ibaiaren eskuinaldean (Iparralde edo Abandoko geltokia). Ibaiaz bestaldeko eremuak behar zituen eta 1870ean eskuinaldean zegoen Bilbo Zaharretik ipar-mendebalerantz joz Abandoko lur batzuk hartu zituen (80 ha). Beste horrenbeste egin zuen Begoña aldean. Bereganatze politika zabal baten hasiera zen hura. Gertakizun hauen guztien oinarrian zegoen Bizkaiko burdin meatzeen ustiaketak hazkuntza izugarria izan zuen. Honen eraginez, Bilboko portuko trafikoak gorakada handia izan zuen eta biztanleria 30 urtean hirukoiztu egin zen (17.923 biztanle 1857an eta 50.722 1887an). Karlistaden ondoriozko hondamendiak eta biztanleriaren beharrak zirela eta, zabalkuntza plan bati ekin zitzaion 1873an (Achucarro-Alzola-Hoffmeyer), karlistada amaitu baino lehen. 1890. urtean Abandoko elizatea Bilboko auzo bihurtu zen. XIX. mendean bota zuten San Anton zubia 1880an eraiki zuten berriro, eta 1892an beste zubi bat egin zen Udaletxearen aurrean. 1900. urtean Bilbok 83.306 biztanle eta 26,46 km2 zituen. 1873ko «Lehen zabaldegia» izeneko planaren arabera egungo Bilboko erdialdea itxuratu bazen ere, haziz eta haziz zihoan hiriak lur gehiago behar zuen eta bigarren zabaldegia eraikitzeari ekin zioten 1924an, bereganatze programa baten bidez. 1924an, Begoña eta Deustua, eta Erandioko Lutxana hartu zituen (140.722 biztanle eta 40,72 km2 guztira). Bitartean biztanleriaren hazkundeak ez zuen etenik izan. 1936an 176.492 biztanle ziren eta gerraren ondoren biztanleria asko hazi zen. 1940. urtean bereganatze olde berri bati ekin zioten bertako administrari frankistek. Erandio osorik hartu zuten (18,64 km2 eta 12.307 biztanle gehiago). 1924ko bigarren zabaldegiak eskaintzen zituen aukerak erabat ahitu zirenean (eraikuntza garaiak, txaleten ordezko blokeak…), sasi-auzo berriak eraiki ziren hiritik guztiz aparte zeuden aldeetan (Otxarkoaga, Iturrigorri, La Peña…). 1966. urtean anexio berria egin zen: eta anexio harekin Loiu, Sondika, Derio eta Zamudio Bilboko Udalaren mende geratu ziren. Hiriak 107,26 km2 bereganatu zituen eta 10.726 biztanle gehiago hartu. 1967an 393.988 biztanle zituen Bilbok. Erandio, Sondika, Derio eta Zamudio udalerri dira egun. Abando, Deustua eta Begoña, lehenengoa batez ere, Bilbo hiriari erabat loturik daude. v Ekonomia. Bilbo da ekonomiari dagokionez garrantzi handiena duen hiria Euskal Herrian eta Atlantiko aldeko Hego Europan. Merkatari hiri oparoa izan zen XV. mendearen bukaeratik aurrera. Bilboko aberastasuna itsasadarreko portuan oinarritu da nagusiki. Bilboko ibai bokalaren goialdekoek hasiera hasieratik jakin zuten izadiak eskualdeari eskaintzen zizkion aukera aproposak baliatzen eta ekonomia jarduera kudeatzen. Prozesu horretan, ordea, inguruko elizateen eta hiriaren arteko tirabira eta liskar ugari gertatu ziren. Nolanahi ere, Bilbo da, Donostiarekin eta Baionarekin batera, itsas merkatarien burgesia eratu zen lehen euskal hiria, eta itsas jardunetarako Kontsuletxeak (1511-1830) izugarri aberastu zuen hiriko ekonomia eta hiria bera ere. XIX. mende erdialdetik aurrera Bilboko egitura ekonomikoak goitik behera aldatu ziren. Lehenagoko burdinolak bazterrean utzi zituen, siderurgia mota berri bat ezarri zen (Santa Ana-Bolueta, 1841tik aurrera, Bizkaiko eta Euskal Herriko lehen labe garaiak 1848an) eta ibaiaren ezkerraldeko burdin meatzeak ustiatzen hasi ziren. 1876ra arte Bilboaldeko industria higikundea sendotu bazen ere, Foruak kendu zituztenetik aurrera hasi zen Bilboren benetako hazkunde eta hedapena. Bitarte hartan abiaraziak ziren kapital metatze handiek bideraturiko Banketxe pribatuak (Banco de Bilbao, 1855), eta antzinako merkatari burgesiarengandik eta handiki lurjabeengandik guztiz bereiziko zen oligarkia kapitalista gailendu zen. XIX. mendearen bukaeran, industria eta portu hiri guztiz indartsua zen Bilbo. Burdin esportazioek nabarmen egin zuten gora (Bilbo aldeko siderurgiak Ingalaterrako ikatza erabili du XX. mendearen barnean Asturiaskoarekin hasi zen arte) eta portuko bizitasunak ontziola ugariren sorrera ekarri zuen. 1889. urtean sortu zen, ekimen pribatuari esker, gaur arte gorabehera handiak izan dituen Bilboko Burtsa. XX. mendean, Bilboko ekonomiak eten handiak izan ditu, Gerra Zibilak eragindakoa bereziki (1936-1939). Europako merkatua nabarmen murriztu zela eta, Lehen Mundu Gerraren ondoren (1914-1918) Bilboko siderurgia Estatuari begira jarri zen, era horretara hamabost urte lehenagotik hasitako joera erabat bermatu zelarik. Handik aurrera, Espainiako lehen industriagune eta portua izan zen Bilbo, baina gehiagorik ez. Gerra Zibilaren ondoren, 1940. urtetik aurrera, hazkunde handia izan zuen Bilbo aldeko industriak, nahiz XIX. mendean abiarazitako alorretan oinarritu zen berriro ere (garrantzitsuenen arteko batzuk: Altos Hornos de Vizcaya eta Echevarría burdin eta altzairugintzan; Babcock Wilcox, General Eléctrica, Edesa eta abar, eraldaketa industrian; Euskalduna eta Naval ontziolak; Explosivos Río Tinto, Firestone, Dow-Unquinesa eta Petronor, kimika industrian). 1943. urtean sortu zen Bilboko Erakustazoka, Euskal Herriko Azoka nagusia, eta 1968tik aurrera Nazioarteko maila lortu zuena. 1970. urtetik aurrera, merkatu lehiaketak, ekonomiaren krisiak eta industria horien zaharkitzeak kinka larrian utzi du Bilbo aldeko industria. Teknologia maila apalak (alderdi honetan mendekotasuna agerikoa da), inbertsio kopuru urriak eta portuari buruzko definizio ezak Bilbo aldeko ekonomiaren etorkizunaren aurrean kezkati agertzeko arrazoiak ematen dituzte. ■ 1970-1980 hamarkadetako krisialdi industrial eta ekonomikoak kinka larrian utzi zituen Bilbo eta inguruko herrietako jarduera ekonomiko nagusiak, industria astunean oinarritutakoak, gehienbat. Azken hamar urteotan, gainbehera hori irauli eta garapen bide berriak irekitzea izan da erakundeen Bilborekiko jarrera gidatu duten ardatzak. Hori dela eta, inbertsio publikoaren zati garrantzitsu bat bereganatatu dute Bilbo eta bere ingurua birgaitu eta indarberritzeko egitasmoek, betiere ikuspegi metropolitanotik. Bilbo Handia birgaitzeko egitasmoak bideratzeko kudeaketa baliabide berriak ere sortu dira, hala nola Bilbao Metropoli 30 elkartea, inguru horretan eragiten duten eragile publiko zein pribatu garrantzitsuenen jarduerak bateratzen dituena. Birgaitze sozioekonomiko eta urbanistikoaren bidetik, EAEn abian jarri diren egitasmorik garrantzitsuenak Bilbo Handiak hartu ditu. Garraio azpiegiturei dagokienez, garrantzitsuena Bilboko Metroa izan da. Basauri eta Plentzia arteko 31 kilometroak lotzen dituen Metroaren 1. linea 1995eko azaroan inauguratu zen eta 2. linea, Kabiezes eta Basauri lotzen dituena, 2002an inauguratu zuten.. Horri RENFEk Bilbo Handian zerbitzuei egin dizkien hobekuntzak gehitu behar zaizkio, baita hiriko hainbat auzo lotzen dituen tranbia ere. Eta Bilbora heltzen diren garraio publikoko sare guztiak garraio mota anitzeko Abando Indalecio Prieto geltokia, Michael Wilford arkitekto britainiarrak diseinatua eta 2004an inauguratu zutena. ■ Jarduera ekonomikoari lotutako azpiegituretan egin diren hobekuntzak aipatzerakoan ezin alboratu dira Bilboko Portuaren zabalpena (ik. Bilboko Portua) eta Sondikatik Louira aldatu den Bilboko Aireportua (ik. Bilboko Aireportua). ■ Bilboren itxuraldaketaren emaitzarik ikusgarriena, nolanahi ere, Abandoibarra eremuan bideratu dena izan da. Birgaitze lanei ekin aurretik portuari lotutako jarduerei eta ontziolei emana zegoen Bilboren bihotz-bihotzean kokatzen den 345.000 m2-ko eremua. 1990eko hamarkadaren lehen urteetan hasitako birmoldaketa lanak direla eta, zerbitzuei emandako hiri berriztatu baten ikur nagusi bilakatu nahi dute Abandoibarra. Bertan eraiki dituzte Euskalduna Jauregia eta Guggenheim Museoa, eta garapen bidean dago oraindik Cesar Pelli arkitektoaren proiektuaren arabera egingo den eraikin multzoa. Multzo berri horrek, 80.000 m2-ko eremuan, bulegoak, hotelak, etxebizitzak eta Deustuko Unibertsitatearen zabalpena zein EHUren errektoregoa hartuko ditu, besteak beste. Bizkaiko Foru Aldundiak ere bertan bilduko ditu Bilbon zehar barreiatuta dituen zerbitzu guztiak, eta gaur egun horiek hartzeko erabiltzen dituen eraikin guztiak –Foru Aldundiaren Jauregia izan ezik– salgai jarriko ditu. Egitasmo horri lotuta dago, halaber, ibaiertzaren birgaitzea. Egitasmo horri lotu beharrekoak dira Uribitarteko instalazioen birgaitzea, eta ibaiaren ertz biak zubi berriak eraikita lotzea (Santiago Calatravaren Zubi Zuria eta Euskaldunako Zubia, esate baterako). Egitasmo berritzaile horien ondorio da, era berean, ibaiaren ezkerraldeko pasealekua eta 2000. urtean eraikitzen hasi zen Itsas Museoa, Guggenheimek eta Euskaldunak osatzen duten lerroa osatuko duen kultura hornidura. ■ Nolanahi ere, motelagoa izan da enpleguaren igoera Bilbon EAEko beste hainbat eskualdetan baino, eta oraindik ere Bilbo Handian kokatzen dira Autonomia Erkidegoko pobreziagunerik handienak, Ezkerraldeko hainbat udalerritan zein Bilbon bertan; besteak beste, birgaitze bidean dagoen Bilbo Zaharra auzoan. Estatuko Enplegu Bulegoaren (INEM) datuen arabera, 2000. urteko martxoaren 31n 48.826 langabe zeuden Bilbon erakunde horretan izena emanda, aurreko urtean baino ia 4.000 gutxiago. Urtebetean, beraz, % 7,7 jaitsi zen langabeen kopurua. Jaitsiera Bilbo Handikoaren eta Bizkaikoaren batez bestekoaren parekoa zen, EAEkoa baino zertxobait txikiagoa (EAEn % 10 jaitsi zen langabezia batez beste epe berean). Edonola ere, krisiaren ondorioz, 2008an aurreko urtean baino % 31,26 langabe gehiago izan ziren Bilbon. 2001eko datuen arabera, langileen % 74 ari zerbitzuetan ari zen, eta industria zen hurrengo sektorea, baina askoz ere ehuneko txikiagoarekin (% 25); lehen sektorean langileen % 0,5 baino ez zen ari. ■ Hizkuntza. Bilbotarren berezko eta jatorrizko hizkuntza euskara da, mendebaleko bizkaiera (1653. urtean idatzi zuen Rafael Mikoleta apaiz bilbotarrak bere Modo breve de aprender la lengua vizcayna, Bilboko euskara erakusten duen gramatika interesgarria). Duela hiru mende gaztelania hasi zen sartzen eta XIX. mende hasieratik aurrera erabat nagusitu zen. Bilbon sortu zen erromantzeak euskarazko hitz eta lexiko molde ugari gorde zituen (honen erakusgarria da Emiliano de Arriaga bilbotarraren Lexicón Bilbaino izeneko liburua). Hiri elebiduna da aspaldidanik, inguruko nekazari giroko elizateek euskaldun iraun zuten denbora luzean: ezkerraldean, Barakaldon eta Abandon XIX. mendearen lehen erdialdean galdu zen euskara, eta eskuinaldean, Begoñan, Deustuan, Erandion eta Getxon, XX. mendea arte iraun du. Esan beharra dago, gaur egun, gaztelania dela nabarmen nagusi Bilbon. 2001eko datuen arabera, biztanleen % 15,5 ziren euskaldunak, % 26,6 ia euskaldunak eta % 57,9 erdaldunak. v Historia. Bilbo karistiarren eta autrigoien arteko mugan zegoen kokatua. Erromatarren garaian (K.a. I. m.) portu autrigoi bat bide zegoen egungo Bilboko lurretan (Begoña, Bilbo, Abando), Amamanun Portus edo Flaviobriga izenaz deitua. XIV. mendera arte ez zen, ordea, Bilbori buruzko informazio askorik jaso: Bilbo Begoñako auzoa eta portua zen. Ibaizabal ibaiaren ertzeko lurrak hartzen zituen, eta XIII. mendetik aurrera, merkataritza hasia bait zen ordurako, beregain izateko asmoak agertu zituen. 1300. urtean Diego Lopitz Harokoak, Bizkaiko Jaunak, eman zuen Bilboko hiri-gutuna, Bizkaiko gainerako herrien onespena jaso ondoren. Ibaiaren eskuinaldean zabaldu zen hasieran, eta ezkerraldean gero, Zubialde izeneko eremua bereganatuz, normandiarren erasoetatik hobeki babestearren. Hiribildu berriak Gaztelako erregeen fabore guztiak jaso zituen berehala, eta 1315ean, Alfontso XI.a Gaztelako erregeak Urduñatik Bermeora zihoan bidea Bilbora bihur zezatela agindu zuen; eta era horretan Bermeok galdu zuen ordura arte zuen portu nagusigoa. Handik aurrera Gaztelako koroaren portu nagusi bihurtu zen Bilbo; Burgosko merkatariek handik bideratu zuten itsasoko merkatua, eta erregeek pribilegio gehiagoz hornitu zuten hiria. XV. mende hasieran, harreman estuak zituen Bilbok Atlantiko aldeko portu frantses, ingeles, flandestar eta holandar portuekin. Bizkaiko hiri nagusia zen eta korrejidorea bertan bizi zen. Berehala sortu ziren, gero eta indartsuago ziren hiriaren eta Bizkaiko Ahaide Nagusien arteko gatazkak, Bermeo gainbehera hasi zenean, Portugalete ahalegindu zen Bilbok Gaztelako koroaren aldetik zuen tratua jasotzen baina, ahalegin horrek porrot egin ondoren, Bilboren nagusitasuna onartu behar izan zuen 1463an. Bizkaiko Lur Zabaleko elizateen eta hiribilduen arteko etsaigoa areagotuz zihoan. Itsas trafikoaren monopolioa berak zeukan (Bizkaiko burdina eta Gaztelako artilea). Itsas Kapitainiako eta Merkatarien Unibertsitatearen egoitza ere bertan zegoen, XVI. mende hasieran Brujasko kontsuletxea zabaldu zuten Bilboko merkatariek (1511), Bizkaiko hiriburuak izan duen erakunde garrantzitsuenetako bat izan dena. XVII. eta XVIII. mendeetan, Bilbo eta Bizkaiko beste herrien arteko gatazkak ugari izan ziren. Bizkaiko Foruen nahiko kontrako agertu izan ziren Bilboko merkatariak, merkataritzaren monopolistaren kontrakoak baitziren. 1631. urtean, erregearen asmoen alde agertu zen Bilbo gatzaren monopolioa agindu zuenean; baita 1717an Bilbok Gaztelako artilearen merkataritzan zituen abantailarik gabe utziko zuen mehatxupean, Filipe V.ak aduanak kostaldera igaro zitezela agindu zuenean ere. Bietan, berebiziko garrantzia izan zuen Bilboko burgesiaren jokaerak. XVIII. mendearen bukaeran, Bilboko merkatarien eraginpean zegoen Bizkaiko Diputazioak ez zuen onartu frantsesen okupazioa (Konbentzio Gerra, 1794), Gipuzkoakoak hala egin zuen arren. 1804. urtean Zamakolada izeneko matxinadak berriro ere elkarren kontra jarri zituen Bilbo eta inguruko elizateak eta 1808ko abuztuan Napoleonen osteek hartu eta harrotu zuten hiria, agintariek bere gisara utzi zuten herriaren jazarkundea gainditu ondoren. 1813. urtean utzi behar izan zuten frantsesek hiria. Karlistadetan, Bilbo hiri liberala izan zen. Euskal Herriko karlisten helburu nagusia Bilbo hartzea zen eta hiru bider setiatu zuten, baina ahalegin horiek porrot egin zuten. Hiru setio luzeri aurre egin zion hiriak lehen Karlistadan (1835, 1836, 1837); horietako bigarrenean zauritu zuten Zumalakarregi jeneral karlista. Bigarren Karlistadan, setio latza pairatu behar izan zuen Bilbok (1873ko abuztutik 1874ko maiatzaren 2ra arte). Azken setio hau Bilboko liberalismoaren sinbolo bihurtu zen. Lehen Karlistadaren ondoren hasi zen egungo Bilbo itxuratzen. Burdina lantzeko teknika berriak nagusitu zirenean, Bilboko burgesia bihurtu zen Bizkaiko meatzen (Somorrostro) eta Labe Garaien (Santa Ana-Bolueta, Sestao) kudeatzaile, portuaz baliatuz. Bigarren Karlistada bukatu ondoren, Bilbo lehen mailako portu bilakatu zen berriz ere: esportazioak (burdina) izugarri emendatu ziren, industria indartu egin zen eta, honez gainera, finantza hiri ahaltsu bihurtu zen bertako banketxeei esker. Honekin batera, aldakuntza handiak gertatu ziren gizartean eta politikan. XIX. mendearen hasiera arte nagusi zen merkatari burgesia industriako oligarkia-kapitalistak baztertu zuen eta langile olde handiak egokitu ziren Bilbon eta Bilbo aldean; lehengo nekazari aldeak hiri barrutiko bihurtu ziren. Horrela sortu zen XIX. mendearen bukaeran langile higikundea, alderdi sozialistaren inguruan. Euskal foruen deuseztapenak eta oligarkia kapitalista espainolistaren nagusigoak ekarri zuen bizkaitar higikundearen sorrera, euskal nazionalismoaren aurrekoa izan zena. Bi alderdi hauek nagusitu ziren Bilbon eta Bilbo aldean XX. mendearen lehen herenean. Industriaren behar berriak, bestalde, Bilboren hedapena eskatzen ari ziren etengabean eta Bilbok, portuaren zabalkuntzari ekitearekin batera ekin zion hiriaren zabalkundeari ere, eta inguruko elizate asko hartu zituen beretzat (Abando, lehena, 1890ean). Errepublika garaian (1931ko apiriletik aurrera) Eusko Alderdi Jeltzalea zen Bilboko talde politiko nagusia, eta sozialistek ziren garrantzitsu ibaiaren ezkerraldeko langileen artean. 1936ko Gerra Zibila hasi zenean, Bilbo Errepublikako Gobernuaren alde agertu zen eta urte bereko urritik aurrera bihurtu zen Eusko Jaurlaritzaren egoitza, Errepublikaren Gobernuak Autonomia Estatutua onartu ondoren, Eusko Jaurlaritzaren egoitza. 1936ko azaroan, Gipuzkoa osoa hartu zuten Francoren osteei hobeki aurre egitearren, Burdinazko Hesia izenekoa eraiki zen. Bizkaia xehakatu ondoren, Mola jeneralaren osteak 1937ko ekainean sartu ziren Bilbon eta Eusko Jaurlaritzak amore eman behar izan zuen Santoñan. Gerraren ondoren, industrializazioari ekin zion berriz Bilbok eta, hazkunde lasterrak bultzaturik, Ibaizabal itsasadarrean hedatzen den Bilbo Handia sortu zen, Euskal Herriko gunerik jendetsuena.