Bidaxune
Nafarroa Behereko udalerria, izen bereko kantonamenduan (Agaramont). Izen ofiziala Bidache du. Amikutze basoaren eta Lihurri ibaiaren artean dago. Mugak: iparraldean Hastingues, ekialdean Akamarre, mendebalean Bardoze, eta hegoaldean Arruta-Sarrikota-Amikuze eta Oragarre. 30,11 km2. 1999ko datuen arabera, 1.090 biztanle ditu (bidaxundarrak). Hizkuntzak: euskara, gaskoia eta frantsesa. Nekazaritza eta abeltzaintza dira ekonomia jarduera nagusiak. v Historia. Izen hauek izan ditu Bidaxune herriak historian zehar: Vidaixen, Vidaison, Vidaxen eta Vidayxon. Bidaxune agramondarren egoitza nagusia izan zen Erreitiko gaztelua utzi zutenean. 1203. urtean agramondarrek zin egin zioten Antso VII.a Azkarrari, eta horrela Nafarroako Erreinura igaro zen Bidaxune. 1575. urtean Antonio agramondarrak foru bereziak eman zizkion Bidaxune herriari. Lehen mailako epailea, apelazio epailea eta babes eskubidea bereganatu zituen beraz. Espainiatik eta Nafarroatik kanpora bidaliriko judu eta mairu asko bertan gelditu zen. 1710. urtean agramondarrek uko egin zioten Bidaxune Nafarroako Erreinukoa izateari. v Bidaxuneko Kantonamendua. Udalerri hauek osatzen dute: Bardozek (Lapurdi), Bidaxunek (Nafarroa Beherea), Akamarrek (Nafarroa Beherea), Gixunek (Lapurdi) eta Samatzek (Nafarroa Beherea). 144,74 km2 eta 3.897 biztanle. Biduze ibaiak igarotzen du kantonamendua. Nekazaritza eta abeltzaintza dira ekonomia jarduera nagusiak.