Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Biarno

(Biarnesez, Beàr(n), Biàr; Fr. Béarn) Frantzia hego-mendebaleko antzinako lurraldea, egun Ipar Euskal Herriarekin Pirinio Atlantikoak departamendua osatzen duena. 4.750 km2 eta 285.696 biztanle. Mugak: Landak (Chalosse) eta Armañac, iparraldean; Nafarroa (Erronkari) eta Huesca (Aragoi), hegoaldean; Zuberoa, ekialdean eta Bigorra, mendebalean. Hiriburua: Paue (biarnesez Pau). Hiri nagusiak: Oloron Sainte-Marie (Eusk. Oloroe), Orthez, Lescar, Mourenx, Morlaas, Navarrenx, Noguères. Erdialdeko Pirinio mendien hegoaldea guztiz menditsua da (Ahüñemendi, 2.504 m; Midi d’Ossau, 2.885 m). Erdialdean altuera apaleko mendi eta muinoak daude. Iparraldeko lurrak lauak dira, eta Pirinioetatik jaisten diren erreka eta ibai ugarik zeharkatzen dituzte (Pau eta Oloron Aturriren ibaiadarrak). Ekonomia jarduera nagusia nekazaritza da. Industria Paue eta Lacq-Mourenx aldeetara bildu da nagusiki. Lacq-eko gas hobiak (1951n aurkituak) oso garrantzitsuak dira (200.000 milioi m3). Turismoak ere badu garrantzia Pirinioetan. Administrazioaren aldetik, Zuberoa Biarnori (Oloron Sainte-Marie) lotua egon da (eta hala dirau maila askotan) Frantziako Iraultzaz geroztik. Zuberoa Baionako Merkatari Ganberari lotua gelditu zen 1991n, Lapurdi eta Nafarroa Beherearekin.
 v  Hizkuntza. Euskara edo euskararen familiako hizkuntza bat (akitaniera) bide zen bertako hizkera, Biarno historia idatzian sartu zenean (K.a. I). Honetarako frogarik ez bada ere, euskarak argi ditzakeen toponimo asko daude Biarno osoan. Erromanizazioaren ondorioz, ordea, familia erromanikoaren barnekotzat hartzen den dialekto berezi bat sortu zen, bertan eta aldameneko herri batzuetan: gaskoia. Biarnesa, Biarnoko mintzaira, gaskoiaren dialekto bat da. Euskara ez bezala, azkar sartu zen biarnesa literaturan eta hizkuntza idatzian. Nafarroako Gortean biarnes-gaskoiez mintzatzen ziren eta Nafarroa nahiz Biarnoko Foruak hizkuntza honetan idatzi ziren (Paue Nafarroako erregeen egoitza izan zen, XV. mendetik aurrera). Gaur egun, ordea, hezkuntza eta kultura bide guztietatik kanpora geratu da, eta nekazariguneetan baizik ez da erabiltzen. Zuberoako muga herrietan, euskara-biarnes elebidun asko izan da aspaldidanik eta Biarno barneko bi herrietan hitz egiten da euskaraz (Eskiula eta Jeruntze).
 v  Historia. Erromatarren garaian Beneharnum (Paue eta Lacq arteko lurraldea) zen Biarno, eta erromatar probintzietako baten barnean egon zen (Akitanian). Bisigodo eta frankoen erasoak jasan ondoren, Biarnoko Bizkonderria osatu zen IX. mendearen erdialdean (Centulo I.a Lupo, 841), baina Gaskoniako Dukerriaren mendean geratu zen. Biarnoko Bizkondeek gero eta lurralde gehiago eskuratu zituzten: Bigorra, bolada batez (XI. m.); Oloron, Gabardan (XII. m.); Brulhois, Zaragoza eta Uncastillo, bolada batez (XII. m.); Marsan, Foix, Rossilló eta Andorra (XIII. m.); Albi, Lautrec eta Nebouzan (XIV. m.) eta Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Albret XV. mendean. Nafarroako errege ere bihurtu ziren mende horretan. Lescar, Morlaas (841), Orthez (1194) eta Paue (1464) izan ziren Biarnoko antzinako hiriburuak. Gaskonia eta Guienako dukeen mende egon ondoren, Ingalaterrako koroarekiko loturak hautsi zituen Biarnok XIII. mendean. Zuberoa, Amikuze eta Oztibarre bereganatzeko alferreko saioak egin eta gero, Biarno Foix konderriaren mende geratu zen ezkontza baten bidez. Foix eta Biarnoko kondeen garaian indartsua izan zen Biarno, Gaston III.a Febus deituaren agintaldian nagusiki (1343-1391). Foixko konde eta Biarnoko bizkonde zen Gaston IV.a Nafarroako errege bihurtu zen Eleonor Nafarroako erreginarekin ezkondu ondoren (1436). Nafarroako koroa Pauen egoku ondoren 1483an, Foixko kondesa, Biarnoko bizkondesa eta Nafarroako erregina Katalina, Joan Albretekoarekin ezkondu zen eta harrezkero, Albreteko etxeak Foix, Biarno eta Nafarroa bere mendean izan zituen. Gaztelak 1512an Nafarroa Garaia konkistatu arren, Albretekoek iraun zuten Nafarroako errege. 1527an, Nafarroako erregea zen Henrike Albretekoa Frantzisko I.aren arreba Margaritarekin ezkondu zen eta era horretan bi koroen arteko harremanak estutu ziren. 1548an Nafarroako erregina Joana Albretekoa Antoine Bourbonekin ezkondu zen eta ezkontza hartatik jaio zen Henrike Biarnotarra Nafarroako Erregea, Henrike IV.a izenaz Frantziako errege izan zena (1589-1610). Biarno 1594an lotu zitzaion Frantziari (1620. urteko ediktua, Luis XIII.arena), eta Nafarroa Beherea, Zuberoa eta Biarnoko administrazioa eta egitura politikoak Pauen zegoen Nafarroako Parlamentu izeneko erakundera bildu ziren. Biarnoren nortasun politiko berezia indarrik gabe utzi zuten Frantziako Iraultza baino lehen (1789ko abuztuak 4), Ipar Euskal Herria eta Biarno departamendu bakar batean sartzea erabaki baitzuten. Iraultzak neurri hauek areagotu baizik ez zuen egin, Euskal Herriari eta Biarnori nortasun politiko bereziak erabat ukatuz.