Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Guardia

(Esp. Laguardia). Arabako udalerria (Arabako Errioxa). Mugak: iparraldean Bernedo eta Lagran, ekialdean Bilar eta Kripan, mendebalean Samaniego, Leza, Nabaridas eta Eltziego, eta hegoaldean La Puebla de Labarca eta Logroño. Altuera, 635 m. 81,44 km2 eta 1.518 biztanle (guardiarrak). Herrigune hauek osatzen dute udalerri hau: Guardia (herriburua), Paganosek, El Campillarrek eta Lasernak. Ebro ibaiak mugatzen du udalerria hegoaldetik. Hizkuntza, gaztelania. Euskaldunak eta erdi-euskaldunak 68 dira gaur egun. Nekazari herria da, batez ere. Dagoen industria nekazaritzaren, eta bereziki mahastien inguruan sorturikoa da. Guardiak Erdi Aroko herrien ezaugarri guztiak ditu: harresia, dorretxeak, oinetxeak, eliza erromaniko-gotikoa, gaztelu-dorrea, etab.  v  Historia. Oso hiri zaharra da. Antso II.a Abarka izan bide zen Guardiako jatorrizko gazteluaren sortzailea, beraz, Nafarroako erregeen mende zegoen. Hiri garrantzitsua izan zen X-XII. mendeetan; bertan ezkondu ziren Gaztelako Antso III.a eta Nafarroako Zuria. 1165ean Nafarroako Antso Jakitunak hiri gutuna eta foruak eman zizkion Guardia hiriari. Foruen jabe egindakoan Guardia hazi eta hedatzen hasi zen eta honi aurre egiteko Fernando IV.ak hainbat eskubide erabiltzeko baimena eman zion merkataritza eta garapen ekonomikoa erraztearren. 1351. urtean, Nafarroako erresumaren eta Gaztelakoaren arteko gerrak ugariak zirenean alegia, Guardiak nafarra izateko borondatea berretsi zuen. Hala eta guztiz ere, urte batzuk geroago Nafarroako Karlos II.a erregeak Gaztelako Henrike II.aren esku utzi zuen Guardia (1367). 1386an Gaztelako Joan I.ak berriro itzuli zion Guardia Nafarroako Karlos III.ari beaumontarren eta agramontarren arteko guduen garaian Guardia Gaztelaren mende geratu zen, nahiz eta 1469an Nafarroaren esku egon. Azkenik Fernando katolikoaren agintaldian (1486), Guardia Gaztelaren mende geratu, eta Arabako hiri bihurtu zen, nahiz denbora jakin baterako soilik onartu bertako biztanleek. Independentziako gerran borroka latzak gertatu ziren Guardia inguruan frantsesen eta Zurbano, Leceta («Dos Pelos») eta Minaren agindupean zeuden gerrillarien artean. Lehen karlistadan (1836), Arabako III. Batailoi karlistak hiria setiatu bazuen ere, ez zuen hartzeko aukerarik izan. II. Karlistadan, berriz, karlistek bitan hartu zuten hiria beren mende, liberalek bietan berreskuratu zuten arren.