Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Bertrand, Arnaut

Lapurdiko eta Arberoako bizkondea ( 1170-1192). Aldi gogorretan bizi izan zen, Akitaniako duke ingelesak Baionan sartu nahirik zebiltzanean, hain zuzen. Lortu ere lortu zuen hori Rikardo Lehoi Bihotzek, Baionako foruarekin, nobleziari kolpe handi bat emanez gainera burgesiaren lagun egitea erdietsi baitzuen. Bertrand Gaskoniako eta Ipar Euskal Herriko jaunekin elkartu eta altxa zen gero Rikardo Lehoi Bihotzen kontra eta Baiona eskuratu zuen 1177an. Rikardo Lehoi Bihotzek, ordea, setiatu eta bereganatu egin zuen berriro handik hamar egunera. Arnaut Bertrandek Ustaritzen eskatu behar izan zuen babesa. Han egokitu zen lapurtarrei bere eskubide guztiak salduta gero. Lapurdiko baile geratu zen bera. Guillaume Raymond Zalduakoa Arnaud Bertranden iloba izan zen Lapurdiko azken bizkondea (1192-1193). Eskubideak Akitaniako duke ingelesari saldu ondoan, Akitaniaren mendeko lurralde bihurtu zen Lapurdi.