Bers, Lipman
Errusiar matematikaria (Riga, Letonia, 1914 - New Rochelle, New York, 1993). Zuricheko Unibertsitatean egin zituen lehenengo ikasketak; gero Rigara itzuli zen, eta hango unibertsitatean ikasi zuen. Diktadura zela-eta, Pragara joan behar izan zuen eta han egin zuen doktoregoa, Karl Loewnerren zuzendaritzapean; tesia teoria potentzialari buruz egin zuen. 1938an Parisera joan zen, eta gerra zela-eta Estatu Batuetara ihes egin zuen. Joan baino lehen Greenen funtzioei eta irudikapen integralei buruzko bi artikulu idatzi zituen. New Yorken jarraitu zituen bere ikerketak, eta postu bat lortu zuen Brown Unibertsitatean; han bi dimentsioko fluxu subsonikoa ikertu zuen. 1945-49 urteetan Sirakusako Unibertsitatean irakatsi zuen, eta bitartean ekuazio eliptiko ez-linealak aztertu zituen. Bere ekarpenik garrantzitsuenak 1950eko Matematikarien Nazioarteko kongresuan azaldu zituen. Princetonen, Teichmüllerren teoria, funtzio pseudoanalitikoak, Kleinen multzoak eta abar landu zituen. 1951n New Yorkeko Courant Institutura joan zen, eta 13 urte eman zituen han. Urte horietan liburu eta artikulu garrantzitsu ugari argitaratu zituen. 1964an Columbiako Unibertsitatera joan zen, eta han egon zen 1984an erretiratu zen arte.