Berg, Alban
Austriar musikagilea (Viena, 1885 - Viena, 1935). Schönbergen ikasle izan zen (1904-1910). Lehen lanetan —Pianorako sonata (1908), Lau melodia (1909)— tonalitatea erabili bazuen ere, laster —Hari kuartetoa (1909)— teknika atonalaz baliatzen hasi zen. Lehen Mundu Gerran postu bat izan zuen administrazioan eta, era horretara, musika lanetan jardun ahal izan zuen. Büchner-en Woyzeck lan dramatikoak opera bat sortzeko gogoa eragin zion: Wozzeck (1919). Berg-en opera hau garrantzi handikoa da XX. mendeko musika dramatikoaren eremuan. Besteak beste, azken urteetan (1927-1935) beste opera bat ondu zuen: Lulu (1928-1935). Ardoa (1927) izenburua daraman kantata Baudelaireren poemen gainean egina da. Azkenik, Aingeru baten oroitzapenetan (1935) biolin kontzertuan, tonalitatera eta erromantizismora itzuli zen. v Bere lehenengo lanetan Schumann, Brahms eta Wagneren eragina nabaria da, baina gerokoetan teknika tonala, atonala eta dodekatonismoa baliatu zituen. Berg musika espresionismoaren egile nabarmenetakoa da.