Bereziartu, Josune
Gipuzkoar eskalatzailea (Lazkao, 1972). 1990ean hasi zen eskaladan, eta orduz gero Espainiako eta Euskadiko hainbat txapelketa irabazi ditu. Nazioarteko mailan ere lorpen bikainak eskuratu ditu, eta Munduko Kopan hamar eskalatzaile onenen artean sailkatuta dago. 1998an, 8c zailtasun mailako lehen pareta gainditu zuenean, lortu zuen Espainiako Kopa. 8c mailako hormak hirutan igo dituen munduko emakume bakarra da Josune Bereziartu: 1998an Oñatiko Araotz Auzoko Honky Tonkya; Baltzolan (Bizkaia) White Zoombie-a eta Ras, 1999 eta 2000. urteetan. 2000. urtean 8c+ mailako horma bat igotzen zuen aurreneko emakumea izatea lortu zuen, Ricardo Otegik irekitako Honki Mix 35 metrotako pareta igo baitzuen –Euskadiko zailena, alegia–, Oñatiko Araoz auzoan dagoen Korea sektorean. Urte horretan bertan, Kirol Merituaren Zilarrezko domina jaso zuen. 2002an 9a mailako horma bat igotzea (Bain de Sang, Saint Loup, Suitza), 2005ean 9a/a+ mailako bat (Bimbaluna, Saint Loup, Suitza) kateatzea, eta 2006an 8b+ mailako Hidrofobia horma (Montsant, Tarragona) lehen ahaleginean kateatzea lortzen zuen lehen emakumea izan zen. 2006an Espainiako Kirol Mendi Federazioak urteko eskalada jarduera onenaren saria eman zion.
- beretu, bere(tu), beretzen
- beretze
- berex*
- berez
- berezi
- Bereziartu, Josune
- bereziki
- berezitasun
- berezkotasun
- Berg Dukerria
- Berg, Alban