Bergamín, José
Idazle espainiarra (Madril, 1895 - Donostia, 1983). 1927ko belaunaldikoa. 1933an Cruz y Raya aldizkari katoliko aurrerakoia sortu zuen. Errepublikaren aldekoa izanik, 1939an Mexikora erbesteratu behar izan zuen. Gero, Caracas eta Montevideon bizi izan zen eta 1959an itzuli zen Espainiara. 1964an berriro egotzi zutelarik, Parisen kokatu zen. 1969an itzultzean, Madrilen lehenbizi eta gero Donostian hartu zuen egoitza. Drama, poesia eta saioa landu zituen. Haren liburua El cohete y la estrella (1923) aforismo liburuaz abiatu zen. Gero bi antzerki lan egin zituen: Tres escenas en ángulo recto (1923) eta Enemigo que huye (1927). Lehen urteetako zenbait saio: La decadencia del analfabetismo (1931); El arte de birlibirloque (1930), zezenketari buruz; Mangas y capirotes (1933), Espainiako teatro klasikoa aztertzen duena; Disparadero español (1936-1940), Lope de Vegaren eta arazo estetikoen inguruan. Erbeste denboran ere liburu anitz idatzi zuen. Horietako batzuk: La hija de Dios y la niña guerrillera (1943), Picassoren irudiz hornitua; Melusina y el espejo (1952); Fronteras infernales de la poesía (1959); Lázaro, don Juan y Segismundo (1959); Al volver (1962). Bi liburutan poema laburren bilduma egin zuen: Rimas y sonetos rezagados eta Duendecitos y coplas. Poesia aztergai izan zuen Beltenebros (1969) izenburukoan. Azken garaiko zenbait liburu: De una España peregrina (1972), Ensayos sobre literatura española (1973), Pensamientos perdidos y páginas del destierro y la guerra (1976), saioak; Al fin y al cabo (1981) Poesías casi completas (1981), Esperando la mano de nieve (1982) poesiaren alorrean. v Idazkera fin, umoretsu eta ironikoa erabiltzen zuen; Bergamín prosagile gisa nabarmentzen da bereziki. Errepublikaren aldekoa izaki, bukaera arte eutsi zien bere iritziei. Hondarribiko kanposantuan datza.