Berceo, Gonzalo de
XII. mendearen bukaerako Errioxako poeta (Berceo, Errioxa, XII. mendearen bukaera - 1265 ?). Garai hartan Nafarroako mugen barnean zegoen Berceo herrian jaioa. Honenbesteko egiaztapenik egin ezin daitekeen arren, Berceo euskalduna bide zen, elebiduna seguruenik; Berceotik hurbil dagoen Donemiliaga monasterioan egin zituen eliz ikasketak eta bertan sakondu zituen latina eta Errioxa-Gaztelako erromantzea, bere literatura hizkuntza izan zena. Berceo izan zen mester de clerecía deituriko poesia eskolako lehen idazlea. Lauko estrofa alexandrinoetan idatzia, erlijio sentimendua dario alde guztietatik eta didaktismorako joera handia nabari zaio. Hirutan bana daiteke haren lana: santuen bizitzak (Vida de San Millán, Vida de Santo Domingo de Silos, Vida de Santa Oria, Martirio de San Laurencio), Ama Birjinari opaturiko lanak (Milagros de Nuestra Señora, Loores de Nuestra Señora, Duelo que hizo la Virgen el día de la Pasión de su hijo Jesu Christo) eta dotrina lanak (El sacrificio de la Misa, De los signos que aparecen ante el Juicio). Berceoren beste hiru lan galdu dira (Historia de la Valvanera, Traslación de los Mártires de Arlanza eta Traslación de San Millán). Lan batzuen iturburuak, latinezkoak, ezagunak diren arren, Berceoren berezkoa ukaezina da. Berehala irakurria izateko literatura idatzi zuen, gainerako fraideen eta herriaren atseginerako, eta gutxik bezala jakin izan zuen eliz tradizio jasoa eta herri adierazpide zehatza uztartzen. Ez da Berceorenean euskal hitzik falta, gutxi, halere, haren euskalduntasunari buruz erabateko ondoriorik finkatzeko. Gonzalo de Berceo Gaztelako Erdi Aroko literaturako klasiko handienetako bat da. Haren bizitzari buruzko datu zehatzik ez dago; berak emandako oharrak dira gehienak. Urte asko bizi zela esan liteke, 1264. urtean lekuko bezala ageri baita notari izkribu batean.