Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Benin

(Izen ofiziala, Beningo Errepublika; 1975 arte Dahomei). Afrika mendebaldeko errepublika. Mugak: Togo, mendebaldean; Nigeria, ekialdean; Burkina Faso eta Niger, iparraldean, eta Beningo Golkoa hegoaldean (Gineako Golkoa, Ozeano Atlantikoa). 112.622 km2 eta 7.649.360 biztanle (2005, benindarrak). Hiriburua: Porto Novo. Hiri nagusiak: Cotonou, Aboney, Ouidah, Parakou. Hizkuntzak: frantsesa (ofiziala), fon, yoruba, bariba. Talde etnikoak: fon, adja, yoruba, bariba, sonba. Erlijioak: afrikar erlijioetakoak, % 60, musulmanak, % 15 (iparraldean bizi dira gehienak), kristauak, % 20 (batez ere katolikoak, hegoaldean bizi direnak). Dirua, CFA frankoa. ■ Biztanleak eta gizartea. Beninen bizi diren 7 milioi pertsonak oso modu desberdinean daude banatuta. Batez besteko dentsitatea 60 bizt/km2 ingurukoa da, baina hegoaldean, itsasertzeko hiri handienetan, 200 bizt/km2-rainokoa ere bada. Benindarren lautatik hiru, gutxi gorabehera, hegoaldean bizi dira. Barnealdeko eskualde batzuetan, aldiz, oso jende gutxi bizi da. Bizi itxaropena 53 urte ingurukoa da. Benin Afrika beltzeko herrialderik hiritartuenetakoa da, biztanleen erdiak baino gehiago hirian bizi baitira. Hiritartze horrek eraginda, batez ere, demografiaren joera aldatu egin da azkenaldi honetan, emankortasun tasa, oso handia zena, jaitsi egin baita zertxobait (emakumeko 6 haur baino gutxiago). Talde etnikoei dagokienez, fon eta adjak dira hegoaldeko etnia nagusiak eta bien artean biztanleriaren % 59 osatzen dute. Iparraldeko etnia jendetsuenak baribak eta sonbak dira (biztanleriaren % 14, bien artean). Yorubak, berriz, hego-ekialdean bizi dira, eta % 9 inguru dira. Estatuko hiriburu politikoa Porto Novo den arren, Cotonou da Beningo hiri nagusia, itsas portu handiena izateaz gainera, hiri honetan kokatzen baitira ekonomia jarduera garrantzizkoenak. Hizkuntza ofiziala frantsesa bada ere, benindar gehienak beren jatorrizko hizkuntzetan mintzatzen dira. ■ Gobernua eta administrazioa. 1977tik 1989ra Batzar Iraultzaile Nazionala deiturikoak gobernatu zituen benindarrak. Ganbera bakarreko organo horrek hautatzen zuen Kontseilu Eragile Nazionalaren burua edo lehendakaria. 1972an agintea eskuratu zuen talde marxista-leninista bat zen –PRPB (Beningo Herri Iraultzarako Alderdia)– baimendutako alderdi bakarra, Ahmed Kerekou buru zuena. 1989ko abenduan PRPBko kideek marxismo-leninismoa bertan behera utzi eta batzar nazional bat deitu zuten, 1990eko otsailerako, herrialdea demokrazia alderdi-anitz baterantz bideratzeko asmotan. Batzarrak konstituzio berri bat idatzi zuen, eta gehiengo handiz onartu zen urte hartan bertan egin zen erreferendumean. Konstituzio horretan 64 kidez osatutako Biltzar Nazionala ezarri zen, lau urterako sufragio unibertsalez hautatua. Lehendakaria ere sufragio unibertsalez hautatzen da baina, 5 urteko agintaldirako. Administrazioa sei probintziatan dago banatua: Atakora, Atlantique, Borgou, Mono, Quémé eta Zou. ■ Ekonomia. Nigeria aberatsarekin mugan, garraio azpiegitura itxurazko baten jabe direla (Cotonouko itsas portua eta nazioarteko aireportua, Cotonou-Parakou burdinbidea, auzo herrialdeekin loturak dituzten errepideak), benindarrek, batez ere, salerosketatik ateratzen dute dirua, eta are gehiago kontrolatu gabeko salerosketatik merkataritza araututik baino. Jarduera horiek, ia beti, Nigeriako diruaren truke balioaren aldaketen mende egoten dira. Hirugarren sektoreak BPGaren % 55 baino gehiago hartzen du ofizialki eta, izatez, ondotxoz gehiago. ■ Nekazaritza. Beningo ekonomiaren bigarren zutabea nekazaritza da. Ustiatze-zentro txiki eta burujabeek ekoizten dituzte nekazaritza produktuen % 90 inguru. Barne kontsumorako gai nagusiak artoa, mandioka, sorgo edo basartoa, batatak, arta txikia, arroza, kakahueteak eta babarrunak dira. Merkataritzarako, berriz, batez ere hegoaldean, palmondo olioa, palmondo pepitak, kotoia (esportazio ofizial guztien erdia), kafea eta kokoak ekoizten dira. Iparraldeko belardietan behiak, ardiak eta ahuntzak hazten dituzte. Oihan ustiapenak eta salmentarako arrantzak ez dute pisu handirik ekonomian. Oihanetik urtero ateratzen dituzten 4,7 milioi metro kubo zuretatik ia guztiak erregaietarako erabiltzen dira. Era berean, barne kontsumorako erabiltzen dira ibai eta aintziretan arrantzatzen diren arrain gehienak. ■ Meatzaritza eta industria. Beninek esportatzen dituen lehengai mineralen artean petrolioa da garrantzizkoena. Kararria ere ateratzen dute porlana egiteko. Diamante gutxi batzuk ere esportatzen dituzte, baina gainerako mea baliabide gehienak ustiatu gabe daude. Industria jarduerak ez daude oso garatuak, baina janariekin zerikusia duten produktuak ekoizten dituzte, batez ere: palmondo olioa, koko haziak, garagardoa, azukrea, eta kotoizko ehunak. ■ 7.500 km inguruko errepide sarea dute. Errepide nagusiak Cotonoutik Parakoura doana eta, hegoaldean, itsasertzaren paraleloan doazenak dira. Burdinbide nagusiak ere (600 km ingurukoa) Cotonou eta Parakou batzen ditu; kostatik doazen burdinbideak ere baditu, Togorekin eta Nigeriarekin loturak dituztenak. ■ Merkataritza balantzari dagokionez inportazio kopurua askoz handiagoa da esportazioena baino. Esportazio nagusiak petrolio gordina eta palmondotik, kotoitik eta kokoetatik eratorritako produktuak dira; inportazioak, berriz, ehunak, jantziak eta makineria dira. Frantzia, Portugal, Alemania, Estatu Batuak eta Thailandia dira Beninekin merkataritza harreman gehien dituzten herrialdeak. ■ Historia. 1989an, Berlingo harresia erori ostean, protesta giroa nagusitu zen Beninen, Afrikako beste herrialde askotan bezala. Funtzionarioek, soldata eskasak zirela-eta, grebara jo zuten, eta ikasleak ere kalera irten ziren. Kerekou berehala ohartu zen protestak zapaltze hutsarekin ez zuela ezer aurreratzen eta, 89ko abenduan, iragarri zuen marxismoa ez zela jada estatuko doktrina ofiziala, eta “batzar nazional” bat deitu zuen 90eko otsailerako. Batzar nazional horretan “gizarte zibila” eta erakundeak bildu ziren eta erlijio katolikoko hierarkiak paper garrantzizkoa jokatu zuen, Cotonouko artzapezpikua, Souza, hautatu baitzuten konferentziako lehendakari. Hala, demokratizatze prozesu guztiz azkar bat jarri zen abian: alderdi aniztasuna onartu zen (berrogei alderdi eratu ziren, urtebetean), lehendakariaren aginpidea asko mugatzen zuen Lehen Ministro bat izendatu zuten (Nicephore Soglo, antzinako estatuburuaren iloba), udal eta auzoetako hauteskundeak egin ziren, eta, 1990eko abenduaren 2an, konstituzio berri bat onartu zen, erreferendum bidez, gehiengo handiz (abstentzioa % 30 ingurukoa izan zen). Konstituzio berriaren indarrez, hauteskundeak 1991ko martxoan egin ziren. Lehen Ministroa, N. Soglo, ekonomista onaren famaz baliaturik, garaile izan zen, botoen % 68 eskuratuta (% 36ko abstentzioa izan zen). Baina hurrengo hauteskundeetan, 1996an, benindarrek –hala politikariek nola herritarrek–, argi eta garbi erakutsi zuten arazorik gabe onartzen zutela aldizkakotasun demokratikoa. Demokraziarako trantsizioaz harro bazeuden ere, ez zeuden konforme lehendakari berriak lortutako emaitzekin. Nazioarteko Diru Funtsak inposatutako doikuntza neurrien eta 94ko urtarrileko CFA frankoaren baliogabetze gogorraren eraginez (ia erdira jaitsi zen frantses frankoarekiko) sekulako prezio gorakada jasan behar izan zuten. Soglok, barnean gero eta aliatu gutxiagorekin, ordenantza bidez gobernatzen zuen. Nepotismo akusaziopean, gutxigatik izan bazen ere, 96ko martxoko lehendakaritzarako hauteskundeen bigarren itzulian Kerekouk irabazi zion, botoen % 52,5arekin (% 20 abstentzioa). Kerekouk, politikarako duen sen aparta erakutsiz, antzinako erregimen marxistaren aurkako oposizioan nabarmendutako politikariei deitu zien gobernuko postuetara, gehiagorekin batera, Albert Tevoedjre tartean zela (BIT edo Lanaren Nazioarteko Bulegoko zuzendari nagusiaren laguntzaile izana eta nazioartean oso errespetatua). Gainera, bere formula ospetsua erabiliz, ekonomiari buruzko batzar nazional bat antolatu zuen 1996ko urrian, herrialdearen ekonomia norabideak zehaztearren. Nazioarteko begiraleak zertxobait urduritu ziren Kerekou berriro agintean ikusita, baina nola izan zen jakin zutenean eta herrialdeak bizi duen egonkortasuna egiaztatu eta gero, berriro lasaitu dira. 1999ko martxoko legebiltzarreko hauteskundeak Sogloren alderdiak irabazi zituen, 27 ordezkarirekin, eta nola lehendakaritzarako hauteskundeetarako artean bi urte falta ziren Kerekouk oposizioarekin batera gobernatu beste aukerarik ez du izan. Nolanahi ere, Beninek irudi ona du nazioartean eta, horri esker, diru laguntza handiak jasotzen ditu kanpotik. Yayi Boni da lehendakaria 2006. urteaz geroztik.
http://www.gouv.bj/