Bengala
Asiako hegoaldeko lurraldea, Himalaia eta Ganges-Brahmaputra ibaien deltan zabaltzen dena. 232.000 km2. 170.000.000 biztanle inguru. Hizkuntza: bengalera. Eremu tropikal eta euritsua oso, ibai ugariek egituraturiko padurak dira nagusi Bengalan. Arroza eta jutea dira lur-lan garrantzizkoenak. 1947. urtean bi aldetan banatu zen (India eta Pakistan), herrialde bereziak osatuz (Mendebaleko Bengala, Indian, eta Ekialdeko Pakistan, 1971tik aurrera Bangla Desh izango zena). Hiri nagusiak Kalkuta, mendebalean, eta Dakka, ekialdean, dira. India aldeko bengalar gehienak hinduak dira eta, ekialdeko bengalarren gehiengoa musulmana da. v Historia. Lurralde askea, Bengala dinastia afganiar baten esku erori zen XIII. mendearen hasieran. 1340 eta 1450. urteen bitartean erreinu burujabea, Akbar Mogol Handiak afganiarrak bertatik kanpora ohildu eta bera nagusitu ondoren, Indietako Konpainiako ingelesekin tratu berezi bat egin zuen, bertan koloniak finkatzeko baimena emanez. Ingelesen kolonia garrantzitsuena Fort William izan zen, gaur egun Kalkuta dena. Bengalako azukrea eta gezala guztiz famatuak ziren eta herri hartarako saleroste bidaiak ugaltzen hasi ziren. XVIII. mendean ingeles eta frantsesen arteko gatazkek Zazpi Urteko gerra ekarri zuten. Bengalako printzea frantsesen aldeko izan arren, ingelesak nagusitu ziren eta Bengala ingelesen esku geratu zen; India konkistatzeko bidea zabaldu zitzaien era horretan (1757). Bengala Indiako penintsulako lurralde garrantzizkoena bihurtu zen. XIX. mendean, Indietako Konpainiaren zerbitzari zeuden zipaioak (kolonialisten aldeko Bengala eta Indiako soldaduak) altxatu egin ziren kolonialisten aurka, zeramaten bizimodu txarra salatuz (1857). Hurrengo urtean Britainiako erregeordetza bihurtu zen Bengala. 1905. urtean, oste ingelesek gehiengo musulmana sortaldera eraman zuten eta 1906an musulmanek hinduen aurkako Liga sortu zuten. 1911n Delhi Indiako hiriburu bihurtu zen eta Kalkutako merkataritzak garrantzirik galdu ez bazuen ere, bengalarren nagusitasuna gainbehera hasi zen. 1940. urtean Liga musulmanak Pakistanen sorrera aldarrikatu zuen eta, 1947an, hindu eta musulmanen arteko istilu latzak piztu ziren eta ekialdeko Bengala Ekialdeko Pakistan bihurtu zen, mendebaleko bengalarrak India barnean segitu zuelarik. 1970eko gosetearen ondoren, Ekialdeko Bengalako burgesiak eta burgesia txikiak awami ligaren ingurura bildu eta 1971ko hauteskundeak irabazi ondoren, beregaintasuna aldarrikatu zuten, eta Bangla Desh sortu. Mendebaleko Pakistanek erantzun nahi izan bazuen ere Indiak, estatu berriaren alde irtenik, eragotzi zituen ahalegin hauek (India eta Pakistanen arteko gerra, 1971). v Mendebaleko Bengala. India ipar-ekialdeko estatua. 87.853 km2. 60.000.000 biztanle inguru. Hizkuntza, bengalera. Hiriburua: Kalkuta. Janari urritasuna da Mendebaleko Bengalak duen arazo nagusia. Alderdi ezkertiarrak nagusi, 1960-1970 urteetan talde maoistek (naxal gerrila) garrantzi handiko higikundea sortu zuten (borroka armatua, enpresa eta lurrak hartzea, herri epaimahaiak eta gobernu paraleloa). Estatuak parte zuzena hartu zuen Mendebaleko Bengalako gobernuan eta 1977tik aurrera gobernu komunista ofizial batek hartu zuen lurralde haren gidaritza. Nekazarien aldeko neurri garrantzitsuak hartu badira ere, Bengalako analfabetismo maila eta lurrik ez duten nekazarien kopurua Indiako altuena da.