Bellamy, Ralph
Estatubatuar zinema aktorea (Chicago, 1904 - Santa Monica, Kalifornia, 1991). Hamasei urte zituela, Shakespeareren obrak antzezten zituen konpainia batean sartu, eta Estatu Batuetako antzokietan zehar ibili zen lanean, 1936an Hollywoodera joan zen arte. Screen Actors Guild-en sortzaileetako bat izan zen. Lehen filmak 1931n egin zituen, eta ehun film baino gehiagotan parte hartzera iritsi zen. Aipagarrienak, komediak batez ere, hauek dira: Forbidden (1932), The Wedding Night (1935), The Awful Truth (1937), Carefree (1938), eta His Girl Friday (1940). 1955ean The Court Martial of Billy Mitchell filma egin zuen, eta Emmy saria eman zioten Fearful Decision-en egindako lanarengatik, baina orduz geroztik obra gutxiagotan parte hartzen hasi zen. Hala ere, Richard Brooks-en The professionals (1966), Roman Polanski-ren Rosemary´s Baby (1968), John Landis-en Trading Places (1983), eta Pretty Woman (1989) filmetan agertu zen. 1988an bere lan guztiengatik ohorezko Oscar saria jaso zuen. Autobiografia ere idatzi zuen 1979an,When the Smoke Hit the Fan izenburupean.