Beaumont, Luis
Leringo III. Kondea (? - 1530?). Leringo II. Kondearen semea, honekin batera egotzi zuten Nafarroatik 1507an eta, aita hil ondoren (1508), Beaumont etxeak Nafarroan galduriko ondasunak eskatu zituen. Katalina eta Joan errege-erreginek ukatu egin zioten eskatzen zuena eta, 1512an, Leringo III. kondea gidari zuten beaumontarrek berebiziko laguntza eskaini zioten Albako dukeari Nafarroa konkistatzen. 1512ko uztailaren 25ean, Albako dukea eta Leringo III. kondea Iruñean sartu eta Nafarroako errege-erreginak Pirinioez bestaldera erbesteratu ziren. Luis Beaumontekoa Kondestable izendatu zuten eta Nafarroako ondasun guztiak berreskuratu zituen. Gaztelako koroaren zerbitzari leiala betiere, 1521-1522 urteetan, Nafarroako defentsa antolatu zuen, legezko errege zen Henrike Nafarroakoaren armadari aurre egiteko.