Beauchamp, Robert
Amerikar margolaria (Denver, 1923 - 1995). Hans Hofmannen ikasle izan zen, eta trebetasun handiz bereganatu zuen haren irakaskuntzaren metodo edo oinarri nagusia, hain zuzen ere pigmentuaren eta pintzelaren arteko jokoa. Baina era berean ikasi zuen margolaritza joko soil hori baino askoz ere gehiago zela, esperientzia espiritual baten moduko jarduera bat dela. Hofmannen ikasle gehienek bezala, beraz, margotzearen jarduera bera azpimarratzen zuen Beauchampek eta askatasunez erabiltzen zituen pigmentuak, koloreak eta pintzela; baina Beauchampen kasuan, gainera, askatasun horrek askatasun emozionala eta psikologikoa ere ematen zion. Bere obretan koloreen eta pintzelaren erabilera bereziaz gainera, ametsezko edo amesgaiztozko mundu bat osatzen zuten gizaki eta animalia bereziak agertzen dira. Izan ere, espresionismo surrealistaren kutsua nabarmentzen da bere koadro askotan; asaldura eragiten du baina bikaina da era berean. Bere obraren esanahiaz esaten zuen berak ezin azaldu zuela zein esanahi zuen, beretzat bazuela esanahirik eta beretzat esanahi jakin bat izateko moduan margotzen zituela irudiak, eta norberarentzat esanahi jakin bat izan zezakeela obra bakoitzak.