Beatty, Warren
Estatubatuar aktore, filmegile eta gidoigilea (Richmond, Virginia, 1937). Stella Adlerrekin ikasi zuen arte dramatikoa, New Yorkeko Acting Schoolen. Hasieran, antzerkian eta telebistan aritu zen. 1961ean Elia Kazanen Splendor in the Grass filmean lan egin zuen, protagonista gisa. Gero, besteak beste, John Frankenheimerren Bere infernua (1962) eta Arthur Pennen Esetsia (1965) filmetan lan egin zuen, baina Arthur Pennen Bonnie and Clyde filmak (1967) eman zion osperik handiena; film horretan, Warren Beatty, protagonista jokatzeaz gainera, filmaren ekoizlea ere izan zen. Robert Altmanen Bizizaleak (1971) eta Barry Levinsonen Bugsy (1991) film luzetan egin zituen Warrenek bere aktore lanik onenetarikoak. 1975ean Hal Ashbyren Shampoo filma ekoitzi zuen, eta, gainera, aktore gisa parte hartu eta gidoia idatzi zuen Robert Townerekin batera. 1980ko eta 1990eko hamarraldietan beste zuzendari batzuentzako proiektuak egin zituen, hala nola Ishtar (1987) eta Dick Tracy (1990). Zuzendaririk onenaren Oscar saria irabazi zuen Reds filmagatik (1981).