Bauhaus
(Al. Das Staatliche Bauhaus, «Eraikuntzaren etxea») Walter Gropius-ek sorturiko arkitektura eta arte eskola (Weimar, 1919). Gero, 1925ean Dessau hirian hartu zuen egoitza; naziak agintera iritsirik, Berlina aldatu zen (1932), naziek eskola ixtera behartu baino lehen. Haren helburu nagusia joera modernoenetan prestaturiko eskulangile talde berria sortzea zen. Klee, Kandinsky, O. Schlemmer, Moholy-Nagy, Itten, Muche, Marko eta A. Meyer, bertako irakasleak, arkitektura, beste arte nagusiak eta arte aplikatuak lotzen saiatu ziren, artisten eta artisauen artean lankidetza estua ezarriz eta talde sorkuntza bultzatuz, hau guztia teknikaren beharrak eta industriaren premiak kontuan harturik. Bauhausen barnean, estetika askatasuna aldarrikatzen bazen ere, abstrakzio geometrikoa, errazionalismoa eta funtzionalismoa gailendu ziren, Errusiako kostruktibismoaren eta Holandako stijl-aren eraginpean. Bauhausen hatsapen eta egitateek garrantzi handia izan dute egungo artearen garapenean, AEBetan bereziki; izan ere, naziek agintea eskuratu ondoren, hara erbesteratu ziren taldeko kide nagusiak.