Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

BASIC

(Beginners All-purpose Symbolic Instruction Code; Eusk. Argibide Sinbolikoen Kodea Hasberrientzat). Goi mailako programazio hizkuntza, John Kemeny eta Thomas Kurtz estatubatuarrek sortua, Dartmouth Collegen, 1965. urte inguruan. BASIC hizkuntzak izugarrizko ospea izan zuen, bi inplementaziori esker batez ere, Tiny BASIC eta Microsoft BASIC, eta mikroordenagailu edo mikrokonputagailuen lehen hizkuntza bihurtu zen. Garrantzi handiko beste inplementazioen artean, hauek dira aipagarrienak: CBASIC (BASIC konpilatua), Integer eta Applesoft BASIC (Apple II-rentzat), GW-BASIC (konputagailu pertsonalentzat), Turbo BASIC (Borland) eta Microsoft QuickBASIC. BASIC hizkuntzak aldaketak izan ditu urteak joan ahala. Horrela, aurreneko bertsioak interpretatuak ziren, ez egituratuak. Azkenekoak, berriz, egituratuak dira, eta sarritan, baita konpilatuak ere. BASIC da programatzaile hasberriek ikasten duten lehen hizkuntza, erabilerraza eta ulerterraza delako, eta beste hizkuntza zailago batzuen oinarrizko kontzeptu berdinak dituelako.