Baxkiria
1991. urtea arte Errusiako Errepublika sobietarra zeneko hamasei errepublika autonomoetako bat, Hego Uralean (Baxkiriako Errepublika). 143.600 km2 eta 3.850.000 biztanle (baxkirak % 24, errusiarrak % 40, tatariarrak % 24, txuvaxak % 3, marii, ukrainarrak). Hiriburua: Ufa. Hiri nagusiak: Bieloretsk, Ishimbai, Salavat, Sterlitamak. v Laua da mendebalean eta menditsua ekialdean. Baxkiria Sobiet Batasuna zenaren petrolio lurraldeetako bat zen. Burdin, manganeso, kobre eta urre hobiak. Ikatzarria. Industria metalurgikoa, mekanikoa, kimikoa eta janari industria. Laboreak eta ardi nahiz zerri aziendak. Zentral hidroelektrikoa dago Ufan. v Historia. Jatorriz Mongoliako herria zen; IX. mendean Ural Mendi aldean egokitu eta musulman bihurtu ziren Astrakango kan herriaren eraginez. XVII. mende hasieran Errusiako gudarostearen esku geratu ziren eta Pugatxev kosakoaren altxamenduan parte hartu ondoren (1773) tsarraren gudarosteek xehakatu. 1917ko azaroaren 8an aldarrikatu zen sobiet gobernua Ufan. Boltxebike eta errusiar zurien arteko gatazkak ez ziren amaitu 1919an Baxkiriako sobiet errepublika autonomoa osatu zen arte.