Barjola, Juan
Espainiar margolaria (Torre de Miguel Sesmero, Badajoz, 1919 - Madril, 2004). Badajozko eta Madrilgo Arte eta Lanbide eskoletan eta San Fernandoko Arte Ederretako Eskolan ikasi zuen. 1957an egin zuen lehen erakusketa, Madrilgo Abril galerian. Juan March fundazioaren beka bat lortu zuen 1960an Parisera eta Belgikara joateko. James Ensor eta Francis Baconen pintura espresionista ezagutu zuen han, eta estilo horrek eragin handia izan zuen Barjolaren margogintzan. Horrez gainera, nabaria zuen Francisco de Goyaren eragina ere, batez ere zezenketei buruzko margolan eta litografietan. Zezenak ziren bere obraren gai nagusia, baina zakurrak, emakumeak eta epaileak ere ugari margotu zituen. 1985ean Arte Plastikoen Espainiako Sari Nazionala eman zioten. 1988an, berriz, haren izena duen museo bat inauguratu zuten Gijonen, haren obra gehienak biltzen dituena.