bare 2
iz. Urdailaren ondoko erraia, odolaren gai batzuk eratzen eta beste batzuk suntsitzen laguntzen duena. ◊ Herr. Lasterka ibili ondoren saihetsean gertatzen den min zorrotza. v Barea abdomenaren atzealdean, ezkerreko giltzurrunaren gainean dago. 13 cm izaten da luze, zabaleran 7 cm inguru ditu eta lodieran 3-4 cm; 200 gr inguruko pisua du. Kolore gorri urdinxka du eta itxura biribildua. Ehun konjuntibozko gune bat du bareak; gune horren bi irtenune barearen barrunbera sartzen dira eta bitan banatzen dute mamia: mami zuria barnealdean, eta mami gorria aurrekoaren inguruan. v Organismoaren babeserako garrantzi handiko organoa da barea. Gauza frogatua da umekiarengan, laugarren hilabetetik zazpigarrenera bitartean, odolaren morfologia gai guztiak sortzen laguntzen duela. Jaioz geroztik linfozitoak eta agian monozitoak besterik ez ditu neurtzen. Baina gaixoaldietan gerta daiteke bareak berriro odolgintza eginkizuna hartzea. Zelula fagozitatzaileen bidez hainbat mikroorganismo deuseztatzeko eta antigorputzak sortzeko gaitasuna du. Odolaren zelulak kontrolatzen ditu, globulu zuriak sortzen eta gastatutako globulu gorriak deuseztatzen baititu. Odolaren biltegia ere bada barea; odol asko biltzen duen zain sarea du, hala behar denean, ariketa fisikoak egiten direnean adibidez. Kasu horietan, bareak min ematen du. Gorputzaren zenbait eritasunen ondorioz barearen hantura izaten da eta barean bertan ere sor daitezke gorabeherak; behar den tokian ez badago, barea kutsatzen denean, etab.