Barea, Ozeano edo Ozeano Pazifikoa
Lurreko itsas masarik zabalena. Mugak: Amerika, ekialdean; Asia eta Australia mendebalean. Zirkulu baten antzekoa, Ozeano Antartikoaren aldera zabaltzen da hegoaldean eta Ozeano Artikoarekin bat egiten du Bering itsasartearen bidez. 180.000.000 km2-ko hedadura du, ertzetako itsasoak (Bering, Okhotsk, Japonia, Txina, Horia, Sulawesi) kontuan hartuta. Ozeano Bareko kostaldea ez da leku guztietan berdina: Ameriketako itsasertza zuzena eta menditsua da gehienbat, ipar muturrekoa (Alaska) eta hego muturrekoa (Patagonia) izan ezik. Asia aldeko ertza, ordea, apala eta bihurria dira. Urpeko mendikate batzuek zeharkatzen dute Ozeano Barea, gailur horiek ur azala urratzen dutelarik zenbaitetan (Hawai, Tuamotu, Pascua… uharteak). Ipar eta mendebalean, Ozeano Bareko Suzko Gerrikoa izena eman ohi zaion sumendiz sortutako uharte andana luzea ageri da (Aleutiarrak, Kurilak, Marianak, Filipinak, Tonga, Kermadec…). Bertan daude munduko itsas leize sakonenak: 10.000 m-tik gorakoak Kuril, Mariana eta Filipinetan; 7.000 m-koak Txile eta Peruko ertzetan. Uharteetan sumendi asko izateaz gainera, lurrikara ugari sortzen da Ozeano Barean, tsunami (japonieraz «ekaitz uhin») uhin sismikoak sortzen dituztenak. Tsunami hauek kostaldeak erasotzen dituzten itsasikarak sortu ohi dituzte. Bestalde, koralezko milaka harkaitz ageri dira Ozeano Bareko alde tropikalean, basaltozko mendien (atoll) inguruan eta koralezkoak ez diren uharteen inguruetan (koralezko harkaitzak). Hainbat ur lasterrek zeharkatzen dute, bestalde, Ozeano Barea (Humboldt, Kuro-shio, Oya-shio…). v Historia. Balboa espainiarrak 1513an aurkitu zuen, Magallanes izan zen Atlantikotik Ozeano Barera igaro zen lehena (1520, Hornos Lurmuturra). Ozeano Bareak ez zuen Bigarren Mundu Gerra bukatu arte garrantzi handirik izan ekonomiari dagokionez. Estatu batzuetako industria aurreramenduak (Japonia eta Australia nagusiki) eta, Asian batez ere, kostalde horietan bizi diren milioika pertsonen arteko salerosketa harremanek izugarri aldatu dute Ozeano Bare aldeko herrien egitura.
- bare 1
- bare 2
- bare 3
- bare 4
- Barea Mendizabal, Ramon
- Barea, Ozeano edo Ozeano Pazifikoa
- Barea, Ramón
- barealdi
- barearazi, barearaz, barearazten
- Bareau, André
- Barèges