barduliar
(Lat. vardulli) izlag. eta iz. Ia Gipuzkoa osoan (ipar-ekialde baskoia eta mendebal karistiarra izan ezik) eta Araba ekialdean bizi zen antzinako adreri euskalduna. Deba ibaiak mugatzen zituen, mendebalean, karistiarren eta barduliarren lurraldeak. Egungo Trebiñu konderriko lur barduliarrek egiten zuten muga hegoaldean (Errioxan) bizi ziren beroniar zelten lurraldeekin, eta Oiartzun ibaiaren bokaletik hegoalderako mendizerrak mugatzen zituen barduliarren eta baskoien lurraldeak. Tito Livio, Estrabon, Ptolomeo, Pomponio Mela eta Plinio geografialari eta historialari erromatarrek aipatu zituzten barduliarrak, antz handiko izen desberdinez, Kantauri aldeko ekialdean beti eta, lurralde horrez gainera, karistiar nahiz autrigoiarrei zegozkien lurraldeetako biztanleak bailiran. Barduliarrei buruzko berri zehatzik ez dagoelarik, historialari batzuek, espainiarrek batez ere, barduliarrak, karistiarrak eta autrigoiarrak euskaldunak ez zirela zabaldu nahi izan dute, baskoiek tribu berezia osatzen zutela jakinik. Erromatarren aurreko garaiez eginiko ikerketek bestelakoa adierazten dute, ordea, pareko kultura oinarriak agertzen baitira egungo euskal herrialde guztietan. Toponimiak, bestalde, euskararen nagusitasuna adierazten du, barduliarren eta mendebaleko leinu euskaldunen lurraldeetan, jatorri zelta eta, gerokoagoak hauek, erromatarra duten toponimoak han eta hemen barreiaturik agertzen direlarik. Bestalde, historialari erromatarrek garbi adierazten dute leinu euskaldun hauek eta kantabriar nahiz asturiar herri indoeuroparrak ez zirela, oro har, bat eta bera. Egungo Gipuzkoa barduliarreko hirien aipamenik ia bat ere ez da jaso (Menosca, Deba eta Oiasson arteko erdibidean eta Morogi egungo Astigarraga inguruan bide zegoena); badirudi ugariago zirela Araba aldeko hirigune barduliarrak, baita Goiz Erdi Aroan ere: Gabalaeka (Galarreta?), Gebala (Gebara), Tullonium (Dulantzi), Alba (Albeiza). Gipuzkoako Oiasson erromatarren garaiko hirigunea baskoi lurraldean zegoen (Irun seguruenik). Deba ibaiaren bokalean zegoen Tritum Tuboricum hiriari buruzko aipamenak ere badira (Mela, Ptolomeo). Bisigodoen ondoren, barduliarrak baskoi bezala (vascones) izan ziren izendatuak eskuarki. Hizkuntza aldetik, barduliarren lurralde mugak eta gipuzkerarenak erraz bereiz daitezke egungo Gipuzkoan (Deba ibaiak zehazten ditu mendebalean, gutxi gorabehera, gipuzkera eta bizkaieraren arteko mugak, eta Oiartzun ibaiak gipuzkera eta goi nafarreraren artekoak, ekialdean). Hegoaldean, ordea, Araba barduliarrean hitz egiten zen euskarak eta bertako toponimoek bizkaiera edota mendebaleko euskalki bat hitz egiten zela adierazten dute, Arabaren ekialdeko euskara Sakana aldeko gipuzkeratik hurbileko hizkuntza bide zelarik.