Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

barbituriko

iz. eta izond. Kim. Hipnotikoen taldeko gai sintetikoei ematen zaien izena.  v  Barbiturikoak azido barbiturikoaren eratorriak dira, eta kirio sisteman, nerbio sistema zentralean bereziki, lasaigarri eta hipnotiko bezala jokatzen dute; kirurgian anestesiko gisa erabiltzen dira. Azido barbiturikoa Baeyer ikerlariak aurkitu zuen 1864an, azido urikoari buruzko azterketak egiten ari zela. 1903an Fischerek eta Meringek beronal edo barbital barbiturikoak aurkitu zituzten. Gai horrek azido dietilbarbituriko izena du kimikan. 1911n fenobarbitala edo azido etilfenilbarbiturikoa sintetizatu ziren. Garai batean barbiturikoak asko erabili baziren ere, lo ezinaren, histeriaren eta epilepsiaren sendagai gisa batez ere, gaur egun beste gai batzuek hartu dute haien lekua, barbiturikoek kalte ugari baitakarte, eta arriskutsuak izan bailitezke. Hauek dira gaur egun erabilienak, eraginaren iraupenaren arabera lau taldetan bereizten direnak: iraupen luzekoak, sei ordutik gorakoak (barbitala, fenobarbitala, mefobarbitala,…); tarteko iraupena dutenak, hiru ordutik seira bitarteko iraupena dutenak (amobarbitala,…); iraupen laburrekoak, hiru ordukoak (pentobarbital sodikoa, sekobarbital sodikoa); oso iraupen laburrekoak, anestesiarako erabiltzen direnak (tiopental sodikoa, exobarbital sodikoa,…).  v  Barbiturikoek berekiko atxikimendua eta utzi ezina sortzen dute, fisikoa eta psikikoa.